“Esker ona, erantzukizuna-zerbitzua, proiektua eta elkartea”: horiek dira Juan José Etxeberriak maiatzaren 22an partekatu nahi izan zituen lau ideiak, Deustuko Unibertsitateko errektore-kargua hartzean. “Errespetu handia” ematen dio karguak eta konpromiso sendoa adierazi zuen “datozen urteetan bere indarrik onenak” eskaintzeko Jesusen Lagundiaren unibertsitate-misioari eta misio hori posible egiten duten pertsona guztiak zerbitzatzeari. Eta “Jainkoaren laguntzan, San Inazio gure sortzailearen gidaritzan eta unibertsitateko elkarte osoaren lan onean” konfiantza jarririk egingo du.
Horrela mintzatu zen errektorea, unibertsitateko ordezkari nagusi gisa egin zuen lehen hitzaldian. 400 pertsona baino gehiago aurrean zituela hartu zuen ardura, Paraninfoan, Arturo Sosa jesuiten jenerala buru izan zuen zeremonia akademikoan. Bertan izan ziren Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta erlijio, akademia, gizarte, ekonomia eta politika arloetako beste agintari garrantzitsu batzuk ere.
Errektore berriak, Zuzenbide Fakultateko irakasleak, José María Guiberten tokia hartu zuen. Guibertek hirugarren eta azken agintaldia amaitu du eta Boston Collegeko “Gasson Chair” beteko du 2023-2024 ikasturtean. Kargua utzi duen errektoreari eskaini zion Juan Jose Etxeberriak hitzaldiaren lehen ideia: esker ona. “Eskerrak” eman nahi izan dizkio “benetako lider ignaziotar eta errektore bikainari”, ontzi hau azken hamar urteetan gidatu duelako. “Eskerrak eman behar dizkizugu zure dedikazioagatik, entzuteko gaitasunagatik, unibertsitate hau hobetzeko egin duzun ahaleginagatik eta lan onagatik”, esan zuen.
Era berean, eskerrak eman zizkion unibertsitateko elkarteari, izan ere, “unibertsitatea ez dago harriz eta adreiluz egina, balio handiko pertsonaz baizik, eta haiek ematen didate zerbitzu hau aurrera eramateko indarra, jakinik zuen babesa eta laguntza ditudala”.