Beste Berriak

Jokin Bildarratzek ETHAZI jardunaldian parte hartu zuen, Euskadiko Lanbide Heziketako metodologia honen hamargarren urteurrenean (II)

Hitzaldiak, mahai-ingurua eta sari-banaketa

Tknika – Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroak gaur antolatutako jardunaldiak helburu bikoitza zuen. Eredua lantzen duten Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe guztietako arduradunak eta irakasleak biltzea ETHAZIren 10. urteurrena ospatzeko enpresa-sektoreko ordezkari batzuekin eta Lanbide Heziketako ikasleen ordezkariekin batera.

Ospakizunaz gain, proiektu horretan parte hartu zuten pertsona eta eragile guztiei eskerrak eman nahi izan zitzaizkien, bide horretan aurrera egiteko bultzada argia izango baita, datozen urteetan sortuko zaizkigun egoera eta erronka berrietara egokitze aldera.

Jardunaldiaren programan, Bildarratz sailburuaren hasierako hitzen ondoren, Javier Martínez Aldanondoren hitzaldia etorri zen. Nazioarteko zenbait erakundetako aholkularia da Martínez Aldanondo (hala nola Nazio Batuen Erakundea, Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundea, FAO, Munduko Bankua eta Garapenerako Banku Interamerikarra, ezagutzaren eta ikaskuntzaren arloan) eta 25 urteko esperientzia du Espainiako eta Latinoamerikako enpresa eta erakundeei aholkularitza ematen, erakunde adimendunak gara daitezen.

Martínez Aldanondoren hitzaldiaren ostean, mahai-ingurua egin zen ETHAZI ereduan sakontzeko; ereduaren jatorria, bilakaera eta aldaketak izan ziren aztergai, eta berrikuntza metodologikorako bide horretan aurreikusten den etorkizunari buruz hitz egin zen. “ETHAZI 10 URTE: Etorkizuna konkistatzen” lehiaketaren sari banaketa ere izan da. Lehiaketa horretan Euskadiko Lanbide Heziketako zenbait espezialitatetako ikasleen 70 proiektuk baino gehiagok parte hartu zuten. Jardunaldiari umore pixka batekin amaiera emateko, Virginia Imaz pailazoak goizean zehar ikusi eta entzun zenari buruzko clowndorioak eskaini zituen.