Uniozio

Izarrak zeruan eta lurrean Zinemaldian (II)

New Directors, Zuzendari Berriak
New Directors sailean, lehenengo eta bigarren filmei zuzendua, Javier Maciperen (Zaragoza, 1987) La estrella azul / The Blue Star bigarren film luzea estreinatuko da, Mauricio Aznar musikari zaragozarrarenganako fikziozko hurbilketa bat -Más Birras eta Almagato taldeen sortzailea izan zen, besteak beste-. Lehenengo film luzearekin, Los inconvenientes de no ser Dios izenekoarekin (2014), Zaragozako zinema-jaialdiko lehenengo film onenaren saria irabazi zuen. Horrez gain, zenbait film labur zuzendu ditu; Goya sarietan finalista izandako Gastos incluidos (2019) eta Os meninos do rio (2014), besteren artean.

Bi telesail Belodromoan
Belodromoa, ia 3.000 ikuslerentzat egokitua, Zinemaldiko edukiera handieneko aretoa da eta edizio honetan bi telesail estreinatuko dira bertan. Santos Bacanak (Madril, 1991), Cristina Trenasek (Madril, 1987) eta Rogelio Gonzálezek (Madril, 1991) zuzendua, Esta ambición desmedida / This Excessive Ambition lanak hiru zati ditu eta Sin Cantar ni Afinar musika-biraren abiarazteaz baliatzen da C. Tangana artistaren sorkuntza-prozesua esploratzeko.

El otro lado / The Other Side ere aurkeztuko da Belodromoan, Movistar Plus+ kateko telesail berria, sei atalez osatua, Javier Ruiz Calderak (Viladecans, 1976) eta Alberto de Torok (Bartzelona, 1972) zuzendua, eta Berto Romerok (Cardona, 1974) sortua, batera idatzia eta Romero bera protagonista duela. Telebistako komiko ezagunak -hainbat telesail egin ditu, besteak beste, Mira lo que has hecho-, lehenengo aldiz beldurraren generoa landuz, Nacho izeneko kazetari baten istorioa kontatzen du. Nacho, fenomeno paranormaletan espezializatua, bolada txar bat izaten ari da lan arloan eta bizitza pribatuan.

Javier Bardem kartelean
Javier Bardem aktore espainiarrak Oscar sari bat, Urrezko Globo bat, BAFTA bat eta zazpi Goya irabazi ditu, baita aktore onenaren saria ere Cannesen, Venezian eta Donostian, eta irailaren 22an (ostirala) egingo den inaugurazio ekitaldian lehiaketaren ohorezko aintzatespenik handiena jasoko du.
Dimensión publizitate-agentziak Nico Bustosen argazkietan oinarrituta sortutako poster ofizialaren irudiak aktoreak bere interpretazioetan erakutsitako izaera aldakorra omentzen du.

Javier Bardemek Donostia Sari bat jasoko du Donostia Zinemaldiaren 71. Edizioan. Aktore espainiarra bi aldiz izango da protagonista Zinemaldian: batetik, Zinemaldiko ohorezko sari garrantzitsuena -1986. urtetik aurrera zinemaren munduko pertsona handien ibilbidea eta ekarpena aitortzeko ematen dena- jasoko du; bestetik, hurrengo edizioko kartel ofizialaren irudia izango da.
Sari emate ekitaldia 71. edizioaren inaugurazio galan egingo da, irailaren 22an (ostirala), Kursaal Auditorioan, Bardem Zinemaldira lehendabizikoz etorri zenetik hogeita hamar urte igaro ondoren; 1993. urtean Bigas Luna zuzendariaren Huevos de oro filma Sail Ofizialean eman zenean izan zen Donostian.