Uniozio

Izarrak zeruan eta lurrean Zinemaldian (I)

Datorren irailaren 22tik 30era bitartean Donostia Zinemaldiaren 71. Edizioko Sail Ofizialean, New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera sailetan eta Belodromoan ikusi ahal izango diren Espainian ekoitzitako 14 lanen (bederatzi film luze, film ertain bat, film labur bat eta hiru telesail) izenburuen iragarpena dakargu dagoeneko.

Jaione Camborda (Donostia, 1983) Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko da bere bigarren film luzearekin, O Corno / The Rye Horn izenekoarekin -lehenengoa, Arima (2020), Made in Spain sailerako hautatua izan zen, Sevillan eta Gijónen saritua izan ondoren-. Filmak -galizieraz filmatua eta proiektu fasean zegoenean Ikusmira Berriak egonaldi-programan parte hartutakoa- erditzeetan laguntzen aritzen den Maríaren (Janet Novás) istorioa kontatzen du. Gertaera ikaragarri baten ondoren, bizi den uhartetik ihes egin beharko du.
Isabel Herguera (Donostia, 1961) artista bisuala, ekoizlea eta animaziozko zuzendaria da. Bere lanen artean, sari asko jasotako zenbait film labur nabarmentzen dira, esaterako: Kutxa beltza (2016), Amore d'inverno (2015), Bajo la almohada (2012), Ámár (2010) eta La gallina ciega (2006). Azken horrekin Goya sarietako animaziozko film labur onenaren sarirako hautagaia izan zen. Bere lehenengo film luzean, El sueño de la sultana / Sultana's Dream izenekoan, Rockeya Hossainek 1905ean idatzitako ipuin batean oinarritutako kontakizun bat aurkezten digu Herguerak. Kontakizun horretan, bere bizipenaz gain, emakumeek gobernatutako Ladyland mundu utopikoaren istorioa azaltzen digu.

Bestetik, Isabel Coixet (Sant Adrià de Besòs, 1960) lehen aldiz izango da Urrezko Maskorra irabazteko hautagaia, Un amor filmarekin. Sara Mesaren eleberri homonimoan oinarrituta dago eta Laia Costa du protagonista. Aktore taldeko gainerako kideen artean, Hovik Keuchkerian, Hugo Silva, Luis Bermejo, Ingrid García-Jonsson eta Francesco Carril daude. Coixetek Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen bere lehenengo filma, Demasiado viejo para morir joven (New Directors, 1988). Geroztik, Cannesen, Berlinen eta Venezian lehiatu da eta, beste sari askoren artean, sei Goya sari irabazi ditu. Donostia Zinemaldiaren aurreko edizioan, lehenengo aldiz hartu zuen parte Sail Ofizialean, El sostre groc / The Yellow Ceiling lanaren lehiaketaz kanpoko emanaldi bereziarekin. Film horrek RTVE-Beste Begirada saria jaso zuen eta Dunia Ayaso sarian aipamen berezi bat.

Halaber, Javier Ambrossik (Madril, 1984) eta Javier Calvok (Murtzia, 1991), "Los Javis" izeneko bikote artistiko ezaguneko kideek, La Mesías izeneko zazpi ataleko telesail batekin hartuko dute parte, lehen aldiz, Sail Ofizialean. Telesaila, thriller familiar gisa definitua, lehiaketaz kanpo emango da. Aktoreen artean, besteak beste, Roger Casamajor, Macarena García, Lola Dueñas, Carmen Machi, Ana Rujas, Albert Pla, Amaia, Biel Rossell eta Cecilia Roth daude. Ambrossik eta Calvok beste telesail arrakastatsu batzuk ere zuzendu eta/edo ekoitzi dituzte, adibidez: Paquita Salas (2016), La Veneno (2020) eta Cardo (2021). 2017an beren lehen film luzea estreinatu zuten Zinemaldian, La llamada, RTVE Galan.