Uniozio

“Iruña 1972-2022” argazki-erakusketa Iruñean (I)

Tokiko bi egileren argazki-dokumentuak biltzen dituen erakusketa: Pío Guerendiáinena -ALEA Taldeak enkargatuta Topaketak argazkiekin dokumentatzeko arduraduna-, eta berriki aurkitutako Koldo Chamorroren argazki-saiakera zabala eta argitaragabea. Nafarroako Museoaren eta Koldo Chamorro Fundazioaren laguntzarekin ekoitzia.

1972ko Iruñeko Topaketak diseinatu zirenean, lehentasunezkotzat jo zen abangoardiako sormen-esparru hura hedatzea, artearen periferian zegoen hiri txiki batean gauzatuko baitzen, diktadura politikoaren garaian eta belaunaldi berriek irudikatzeko lanak izanen lituzketen mundu batean, hau da, Internetik, kameradun mugikorrik eta sare sozialik ere ez zen mundu analogiko batean. Bi artista gaztek, Pio Guerendiáin eta Koldo Chamorrok, zeinen ibilbideek argazkilari handi gisa sendotuko baitzituzten, Iruñean gertatzen ari zena nor bere ikuspegitik dokumentatzeaz arduratu ziren orduan.

Bost hamarkada geroago, Topaketen karietara, Iruñeko Udalak haien begiradak ikusgai jarriko ditu beren izenak dituen erakusketan, kasu batzuetan gogora ekartzeko, eta beste batzuetan, gertakari gogoangarri hark hiriari, bertako biztanleei eta parte hartu zuten sortzaileei zer ekarri zien ezagutzeko. 

Gerendiainek gertatzen ziren jazoerak argazkien bidez jarraitu eta dokumentatzeko enkargua jaso zuen, eta Chamorrok irudien bilatzaile gisa egin zuen, baina bien begiradek gertakari historiko poliedriko baten testigantza ematen laguntzen dute, publikoaren onarpenaren eta arbuioaren erdibidean, eta hori guztiz ikustea oso zaila da, gauza asko gertatu baitziren, leku askotan, eta, batzuetan, aldi berean. Pío Guerendiáin eta Koldo Chamorroren argazkiek -lehenengoaren argazki batzuk, dagoeneko ezagunak, bigarrenarenak, argitaragabeak- topaketen benetako dokumentuak diren bi kontakizun eskaintzen dituzte. Fernando Huiciren hitzetan, hitzordu hori “erabakigarria izan zen Espainiako arte garaikidearen erlojuak, behingoz, munduko artearen ordu berean jartzeko”. Erakusketa Kondestablearen jauregiko 1. eta 2. aretoetan bisitatu daiteke, astelehenetik igandera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.