Hezkuntza Sailak, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren bitartez, 3.934.120 euro bideratu ditu Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateek digitalizazioan egin dituzten inbertsioak finantzatzeko. Laguntza hauen helburua da, aurreikusitako ikaskuntza-emaitzak arrazoizko neurriz lortzen direla bermatuko duen urrutiko unibertsitate-prestakuntza garatu ahal izatea.
Egungo agertoki berriak Covid-19k eragindako murrizketa ugari izan ditu eta, ondorioz, beharrezkoa izan da unibertsitateek ohiko irakaskuntza presentziala ez den beste irakaskuntza-planteamendu bat egitea 2020-2021 ikasturterako. Planteamendu berri horrek eskatu du irakaskuntza bimodaleko ikasgeletako ekipamendutan inbertsioak egitea, espazioak egokitzea eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien gaitasunak indartzea. Baliabideak bideratu dira urrutiko irakaskuntzarako, urruneko lanpostuak eta konektibitatea diseinatzeko, on-line irakaskuntzako ikasgelak diseinatu eta abian jartzeko, urrutiko irakaskuntzari euskarria ematen dion arkitektura teknologikoa garatzeko eta urruneko komunikazioetan segurtasun-zerbitzuak konfiguratzeko.
Inbertsioak ekipamendutan
Egindako inbertsioen artean, eta adibide gisa, honako hauek aipa daitezke: urrutiko irakaskuntzari dagokionez, ingurune birtualetara konektatzeko lizentziak, bideoak editatzeko tresnak eta arbel elektronikoen tresnak eskuratu dira. Era berean, urrutiko konexioak egiteko, WiFi konexio-puntu eramangarriak, pantaila interaktiboak, pantaila digitalizatuak, eta aurkezpenetarako tableta grafikoak erosi dira, bai eta ordenagailu eramangarriak ere, irakasle ikertzaileentzat zein administrazio eta zerbitzuetako langileentzat. Zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleei maileguan uzteko PCak ere erosi dira. Irakaskuntza-gela askotan, kamerak, mikrofonoak, PCak, bozgorailuak eta sare-konexioak instalatu dira on-line irakaskuntza egin ahal izateko, eta edozein gelatan on-line irakaskuntza egiteko aukera ematen duten totem mugikorrak erosi dira.
Irakaskuntzaren euskarri den arkitektura teknologikoari dagokionez, biltegiratze-zerbitzariak, memoriak eta CPU-ak handitu dira e-learning egiteko; arkitektura monitorizatu da azpiegitura birtualizatua mantentzeko azterketa-aldietan; on-line software-plataformak erosi dira; eta plataforma-zerbitzari batzuk hodeira migratu dira. Azkenik, urruneko komunikazioetako segurtasunari dagokionez, kudeatutako segurtasun-zerbitzuak ezarri dira, firewall-ak instalatu eta ordeztu dira eta tokenak erosi dira autentifikatzeko.
Ikasleak onuradun
Inbertsio horiek irakaskuntzaren eta ikerketaren euskarri-arloetan egiten dira, bai eta unibertsitate-azpiegitura teknologikoan, kudeaketan eta komunikazioan ere. Beraz, unibertsitateek garatutako eta Hezkuntza Sailak finantzatutako ekintzen ondoriozko hobekun-tzen onuradun dira, alde batetik, Euskal Unibertsitate Sistemako 56.000 ikasleak, hobetu egiten baitira haien autonomia eta ikasle-gaitasuna, ikaskuntza eta bizitza pertsonalerako eta profesionalerako egokiak diren gaitasunak. Halaber, onuradun izango dira 9.000 profesional baino gehiago: Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten 6.800 irakasle eta ikertzaile, eta administrazio eta zerbitzuetako 2.500 langile, hauek guztiek ere nabarmen hobetuko baitituzte irakaskuntza-gaitasuna, gaitasun digitalak eta kudeaketa-gaitasuna.
Horregatik, Hezkuntza Sailak egokitzat eta beharrezkotzat jo du finantzaketa hori Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetara bideratzea. Ahalegin ekonomiko gehigarri bat da hau, 2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Planaren esparruan eta hiru unibertsitateekin hitzartutako Kontratu-programen bidez egin ohi den finantzazioarekiko. 2020an 50 milioi eurotik gorakoa izan da Kontratu-programa horien kopurua.
UPV/EHUri, Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari emandako diru-laguntzak abenduaren 22ko azken Gobernu Kontseiluan onartu dira. Unibertsitate bakoitzari dagokion zenbatekoa ezartzeko, unibertsitate bakoitzeko ikasle- eta irakasle-kopurua aplikatu da irizpide gisa. Horrela, UPV/EHU unibertsitate publikoak jasoko du diru-kopuru handiena, ikasle eta irakasle kopuru handiena izanik.
Osasun larrialdirako lehentasunak
2020ko apirilean dagoeneko Hezkuntza Sailak, Euskal Unibertsitate Sistemako hiru unibertsitateek eta Unibasq-ek (Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak) talde bat osatu zuten, unibertsitateen eta Unibasq-en irakaskuntzari buruzko jarraipenean, egokitzapenean eta neurrietan modu koordinatuan lan egiteko. Horrela, Covid-19k eragindako osasun-larrialdiko egoeran eta etorkizunean ager daitezkeen egoeretan, epe ertain zein luzean, bete beharreko lehentasunak ezarri ahal izateko.