Unibertsitatea

Ikertzaileen Europako Gaua, zientzia eta dibertsioa kalean

Euskal Herriko Unibertsitateak bat egin zuen, beste urte batez, Europako Ikertzaileen Gauarekin. Ekimen hori Europako zientzia-dibulgazioko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat da. Aurten, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan bezala, irailaren 27an egin zen. Bosgarren aldia izan zen UPV/EHUk topaketa horretan parte hartzen zuena, G-9ko partzuergoarekin batera.

Jarduera nagusia Bilboko Areatzako kaian izan zen, Ikertzaileen Europako Gauaren Azoka hartu zuen gunean. Oraingo honetan, hainbat arlotako adituen eskutik zientziaz gozatzeko 31 stand izan ziren ikusgai.

170 ikertzaile inguruk parte hartu zuten Gauan
Modu erakargarrian zenbait tresnaren funtzionamendua erakutsi zen: hala nola, minbizia detektatzeko eta tratatzeko laborategiko aparatuak, nanoimanak eta nanonabeak, edota erabilera medikua duten 3D inprimagailuak. “Isilik hitz egiteko” teknologia ere ezagutzeko aukera egon zen. Gure dietak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek osasunean duten eragina ezagutarazi zen. Parte hartzen zutenek hirietako temperatura jaisteko edo kutsadura murrizteko proposamenen berri izan zuten. Beste hainbat ikerketa zientifikoren emaitzak aditzera eman ziren, eremu ugaritakoak: polinizazioa, energia berriztagarriak, mikroalgak, itsasoa aztertzeko edo hiritetako bizi-kalitatea hobetzeko sateliteak, besteak beste. Matematika erabiliz asmamen-jokoetan aritzeko aukera egon zen.

Horretaz gain, UPV/EHUko emakumezko ikertzaileen ekarpenak ikustarazteko txoko berezi bat egon zen neska eta emakumezko nerabeen artean bokazio zientifikoa sustatze aldera.

Nazioarteko proiektu bat
G-9 partzuergoak antolatuta, Ikertzaileen Europako Gaua Europako Batasuneko 370 hiritan baino gehiagotan ospatu zen. Unibertsitate-talde hori G9-Science4All proiektua garatzen ari da, Europako Batzordearen finantziazioaz. Ekimen hau, EBko Ikerketa eta Berrikuntzako Programaren barruan dago.

Helburu nagusiak honako hauek ziren: alde batetik, ikertzaileak herritarrengana hurbiltzea, haien lana eta gizarteari ekartzen dizkioten onurak ezagut ditzaten, eta beste aldetik, ikasleen artean karrera zientifikoak sustatzea, genero-oztopoak ezabatuz.

Proiektuaren ardatza Europar Batasunak munduko arazo sozial handiei irtenbideak emateko asmoz abian jarri dituen bost ikerketa eta berrikuntza misioak dira. Misio horiek minbizia, klima-aldaketara egokitzea (gizarte-eraldaketa barne), ura eta ozeanoak, hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak eta lurzoruaren osasuna eta elikagaiak dira. Horiek guztiek Europako Itun Berdearen, Minbiziaren Aurkako Europako Planaren eta Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) xedeak lortzen lagunduko dute.