Unibertsitatea

Ikasturte berria hasi da NUPen (I)

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2023-2024 ikasturteari hasiera eman zion irailaren 12an, hiru- rehun pertsona inguru bildu zituen ekitaldi batean. María Chivite Navascués Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Ramón Gonzalo errektorea izan ziren ekitaldiaren buruak, eta Foru Komunitateko agintari nagusiak eta Unibertsitateko komunitateko kideak ere bertan izan ziren. Hasierako ikasgaia, “Seinaleak eta espektroak: naturaren zikloen bila” izenekoa, Alfonso Carlosena Seinalearen Teoriako eta Komunikazioetako katedradun eta NUPeko errektore ohiak eman zuen.

Eguerdiko 12:00etan hasi zen ekitaldia, segizio akademikoa Fernando Remacha aretoan sartu zenean, hots, togadun irakasleak, NUPeko errektore ohiak eta beste unibertsitate batzuetako errektoreak, errektorea, Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, “Zura Quartet” laukoteak “Erresumako Gortearen Sartzerako Martxa” (anonimoa, XVIII. mendekoa) jotzen zuen bitartean.

Ondoren, Roldán Jimeno Aranguren Unibertsitateko idazkari nagusiak joan den ikasturteko memoriaren laburpena irakurri zuen, NUPek aldi horretan ikerketari, irakaskuntzari, transferentziari eta erakundeen arteko aliantzei buruz izan dituen datu nagusien berri emanez. Hala, nabarmendutako datuen artean, ingelesezko irakaskuntzaren hazkundea, graduondoko titulazioen mapa berria, ikasleentzako espazio berriak, enplegagarritasunaren arloko ekintzak edo Unibertsitatea UNITA aliantzako kide izatea aipatu zituen. Era berean, NUPek ikertzeko duen gaitasuna edo nazioarteko rankinetan duen presentzia azpimarratu zituen, besteak beste.

Ondotik, Alfonso Carlosena katedradunak hasierako ikasgaia irakurri du, eta, jarraian, Ramón Gonzalo errektoreak hitzaldia eman zuen. Azkenik, María Chivite Nafarroako lehendakariak ofizialki eman zion hasiera ikasturte akademikoari.

Ekitaldian Foru Komunitateko agintari nagusiak eta esparru politikoko, erakunde judizialetako eta ekonomia- eta gizarte-erakundeetako ordezkariak izan ziren. Arlo akademikoari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore ohietako bik hartu zuten parte: Alfonso Carlosenak, hots, hasierako ikasgaiaren egileak, eta Antonio Pérez Pradosek. Halaber, María Iraburu Nafarroako Unibertsitateko errektorea eta Juan José Unzilla Euskal Herriko Unibertsitateko Eraldaketa Digitalaren eta Komunikazioaren arloko errektoreordea ere izan ziren bertan.

Ekitaldian zehar, zenbait pieza musikal interpretatu zituzten Iruñeko Orfeoiak, Juan Gainzaren gidaritzapean, eta Zura Quartet laukoteak, Leire Fernández Sainz de Murietak, Mario Oroz Arraizak, Daniel Sádaba Bermejok eta Igor Saenz Abarzuzak osatutakoak.

NUPeko errektorearen hitzaldia

Ramón Gonzalo errektoreak azpimarratu zuen Unibertsitateari buruzko Foru Lege bat bultzatu behar dela, NUP “Nafarroako garapen sozial, kultural eta ekonomikoaren funtsezko zutabe” gisa sendotzeko, “gizarteari zerbitzua emateko duen eginkizun hautsezina islatuz”. Halaber, Nafarroako Gobernuaren eta NUPen arteko negoziazioaren ondorioz erakundeak lortu duen urte anitzeko finantzaketarako hitzarmenak duen garrantziaz hitz egin zuen. Bestalde, NUPen plan estrategikoa garatuko da laster, eta dokumentu horrek, errektoreak adierazi zuen bezala, hitzarmen horretarako oinarri gisa balioko du, baliabideak Nafarroaren garapen integralari laguntzen dioten proiektuekin lotzen baititu.
Ramón Gonzalok bere hitzaldian adierazi zuenez, NUPek “erakunde inklusiboagoa izan nahi du, bere komunitatean errotua egon, Nafarroako ehun sozioekonomikoan integratua baina nazioarteko ikuspegi eta anbizio batekin”. Horretaz gain, aditzera eman zuen ziur dagoela Unibertsitateko komunitateak “bere erabakitasunari eutsiko diola beharrezko aldaketak bultzatu eta bideratzeko, modu horretan gizarteari eskaintzen diogun balioa eta zerbitzua bermatuz”.