Beste Berriak

Ikastetxeetan telefono mugikorren erabilera erregulatzea (II)

Lanbide Heziketak ere heltzen dio ere gai honi, ziberbullyinga eta telefono mugikorren erabilera egokia bezalako alderdietan arreta jarriz. Ikastetxeetan ari dira dagoeneko alderdi hauek lantzen. Baina prestakuntza-modalitate horrek ezaugarri espezifikoak ditu gainerako hezkuntza-etapen aldean. Alde batetik, ikasleen adina, batez besteko adina 20 urtetik gorakoa baita ikasleen artean (nahiz eta 16 eta 17 urtekoak ere badituen).

Bestalde, gailu digitalak Lanbide Heziketan funtsezko ikaskuntza-tresna dira ikastetxeen egunerokoan. Berezitasun horiek kontuan hartuta, Lanbide Heziketako ikastetxeek ere beren Antolaketa eta Funtzionamendu Araudian islatu beharko dituzte, zentro bakoitzaren autonomiaren barruan, gero eta gehiago erabiliko diren tresna digitalen erabilerari buruz hartzen dituzten neurriak.

Hain da hori horrela, ezen Euskadiko Lanbide Heziketako Legeak (2018) ezartzen baitu Lanbide Heziketan ikerketa, besteak beste, harmonizatu egin behar dela ingurune digital berriekin eta sistema adimendunekin. Gainera, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan "Produkzio-sistemari aplikatutako digitalizazioa" modulua sartzen da, nahitaezko zati enborrean.

Prestakuntza

Gailuen erabilera ondo erregulatzea bezain garrantzitsua da hezkuntza-komunitatea arlo horretan prestatzea. Hori dela eta, Hezkuntza Sailak prest du prestakuntza-jardueren egutegi bat, datozen asteetan hasiko dena. Saio horiek ikastetxeetako arduradunentzat antolatu dira (zuzendaritza-taldearentzat, berrikuntza-arduradunentzat, orientatzaileentzat edo mentore digitalentzat, besteak beste).

Zeharkako prestakuntza da, eta hainbat esparru eta ikuspegitatik heltzen dio gai honi, hala nola: bizikidetza eta ziberbizikidetza, ikastetxeen lidergoa, digitalizazioa edo metodologia- eta curriculum-alderdiak aintzat hartuta. Programatutako saio guztien artean, aipatzekoak dira hainbat mintegi eta tailer: “Mugikorrak helburu hezitzailearekin erabiltzen”, “Bizikidetza-plana, bizikidetza positiboaren eta ongizate emozionalaren
ikuspegitik” edo, “Mugikorren erabilera eta ziberbizikidetza” mintegiak, besteak beste. Tailer hauek burutu aurretik, saioetan landuko den dokumentazioa bidaliko zaie ikastetxeei. 

Prestakuntza-saio horietan, halaber, Sailak laguntza emango die ikastetxeei gailuen erabilera arautzearen inguruan, erreferentzia gisa erabil ditzaketen hainbat erregulazioeredu emanez. Helburua da ikastetxeei ahalik eta gehien erraztea gailu mugikorren erabilerari buruzko araudi bat egiteko lana.

Era berean, prestakuntza-ekintzen artean, “prestakuntza-pilulak” ere nabarmentzen dira. Prestakuntza-bideo laburrak dira hauek, Digigunearen bidez eskainiko direnak (Hezkuntza Sailaren ataria da Digigunea, eta eraldaketa digitalaz eta konpetentzia digitalaz dihardu). Pilula hauek mugikorren erabileraren inguruan legeak dioena eta ikastetxeetan erabilera hori arautzeko erabiltzen diren dokumentuen inguruko informazio
azkarra aurkezten dute.

2024-2025 ikasturteari begira, Hezkuntza Sailak familien prestakuntzan jarriko du arreta, familien zeregina garrantzitsua baita gazteen artean Internet eta gailu mugikorrak modu seguruan eta arduratsuan erabiltzeko. Ez da ahaztu behar ikasleek beren denboraren % 10 edo % 12 baino ez dutela igarotzen ikastetxean. Hortaz, funtsezkoa da gai honi beste ingurune batzuetan ere heltzea, hala nola familian edo gizarte arloan.

Ahalduntze digitala

Gaur egun indarrean dagoen araudian —edo aurki indarrean egongo denean— ezin konta ahala erreferentzia egiten zaizkio ikasleen digitalizazio etikoari, konpetentzia digitalari edo ahalduntze digitalari. Horrela, berriki onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren 17/2023 Lege berriak, abenduaren 21ekoak, ezartzen du Euskal Hezkuntza Sistemaren helburu bat dela “ikasleak digitalki ahalduntzea bizi behar
duten gizarte teknologikoki aurreratuan trebatuta egon daitezen, digitalizazioari lotutako erabakiak hartzeko gai izan daitezen, erabiltzen dituzten tresnen gaineko kontrola eta ahalmena izanez eta tresna horiekiko mendekotasun oro saihestuz”.

Era berean, indarrean dauden curriculum-dekretuek (Oinarrizko Hezkuntzakoak eta Batxilergokoak) ikasleen irteera-profila zehazten dute, non ikasleen konpetentzia digitala ezartzen den, bizitzan zehar aurre egin beharko dieten erronkei erantzuteko presta daitezen. Edo, Lanbide Heziketan, “Produkzio-sistemari aplikatutako digitalizazioa” modulua sartzen da erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloen nahitaezko enborzatian.