Beste Berriak

Ikastetxeetan telefono mugikorren erabilera erregulatzea (I)

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordeak aurkeztu dituzte, ikastetxeetan telefono mugikorren eta erloju adimendunen erabilera erregulatzeko Hezkuntza Saila egiten ari den urratsak. Erregulazio hori Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa ematen dituzten ikastetxe publiko zein itunpekoetan egingo da. Arlo honetako jarduketa berrienen artean nabarmentzekoak dira Sailak prestatu eta ikastetxeei igorri dizkien jarraibideak eta laster abian jarriko den prestakuntza-jardueren egutegia.

Aurkezpenean, Pedrosak eta Arévalok gogorarazi dute Hezkuntza Sailak, hezkuntzakomunitatearekin batera, urteak daramatzala gai hau ikastetxeekin lantzen. Helburua da maila guztietako ikasleak informazio eta komunikazio-teknologien erabilera seguruan heztea, baita teknologia horien erabilera arautu behar duten printzipio etikoetan ere, ziberbizikidetza posible izan dadin. Azken urteotan, alderdi horiek guztiak Bizikasi ekimenaren esparruan edo Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planean jorratu dira, ikastetxeen eskura jarritako gida, prestakuntza eta material
didaktikoen bidez.

Erabilera egokia sustatzea

Teknologia digitalek ahalmen handia dute irakaskuntza eta ikaskuntza-praktikak hobetzeko eta dibertsifikatzeko, baita ikasleen artean konpetentzia digitala garatzeko ere. Teknologia horiek irakaskuntzarako, ikaskuntzarako, komunikaziorako eta sormenerako eskaintzen dituzten aukera ugariak baliatzea da kontua. Baina, zalantzarik gabe, eta batez ere telefono mugikorrek, zuzeneko eragina dute ikasleen garapenean eta interakzioetan. Horregatik, beharrezkoa da gailu horien erabilera egokia sustatzea, eta bizikidetza positiboa bultzatuko duten ohitura, jarrera eta estrategiak bultzatzea, baita esparru digitalean ere. Izan ere, teknologiek aukera eta hobekuntza berriak emateaz gain, arrisku eta mehatxu-iturri ere izan daitezke, eta horiei aurre egin beharra dago.

Gailu mugikorrak erabiltzeko arauak ezartzea ikastetxeen antolamendu eta funtzionamendu-autonomiaren barruan dago, betiere bakoitzaren berezitasunak eta testuingurua kontuan hartuta.

Erabilera erregulatzea

2024an zehar, ikastetxeek —publikoek zein itunpekoek— neurri pedagogikoak onartu beharko dituzte eskola-jardunean mugikorren eta erloju adimendunen erabilera erregulatzeko. Eskola-jardunaren baitan hartzen dira eskola-ordutegia, jolas-orduak, edo ikastetxeak eskaintzen dituen zerbitzuak —hala nola jantokia edo garraioa—, baita jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak ere.

Erregulazio hori Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeen Antolaketa eta Funtzionamendu Araudian jaso beharko da, eta ikastetxe horietako Eskola Kontseiluak onartu beharko du. Neurri horiek hezkuntza-komunitateari jakinarazi beharko zaizkio, telefono mugikorrak eta erloju adimendunak gehiegi erabiltzearen arriskuei buruzko sentsibilizazio-ekintzak sustatuko dira, eta, bereziki, ziberjazarpena prebenitzeari buruzkoak.

Era berean, ikastetxeek ziberjazarpena edo telefono mugikorren eta erloju adimendunen bidezko abusu-egoerak prebenitzeko jarduketak aurreikusi behar dituzte euren bizikidetza-planean, orientazioko eta tutoretza-ekintzako planetan, baita Ikastetxeko Proiektu Digitalean ere, prebentziozko jarrera proaktiboak eta mekanismoak areagotzeko.