Beste Berriak

IKASLAB: Ikasgelak eraldatuz ikasteko metodologiak berritzeko proiektua (III)

Ikaslab: eraldaketa pedagogikorako espazio berriak

Ikaslab proiektuaren ardatza da metodologia aktiboen bidez ikasteko eta irakasteko prozesuak hobetzea, eta ikaslea bere ikasketa prozesuaren protagonista bihurtzea. Proiektuaren helburuen artean honako hauek nabarmendu behar dira, beraz:

  • Irakaskuntza-prozesuak berrikustea ahalbidetuko duten metodologia berriak praktikan jartzea, ikasleek XXI. mendeko trebetasunak eta gaitasunak garatzeko aukera izan dezaten (ikerketa eta talde-lana, berdinen arteko ikaskuntza, erronken ebazpena...).
  • Irakasle zein ikasleek gaitasun digitala hobeto eskuratzea, teknologia digitalen hezkuntza-integrazioa irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren elementu eraldatzaile gisa lortzeko.
  • Eskolako espazioek duten garrantziaz eta ikaskuntzan duten eraginaz hausnarketa egitea. Ikasgela espazio malgu, eroso, sortzaile eta inspiratzaile bihurtzea, antolamendu fisikoan eta ikasgelaren girotzean aldaketak sartuz.

Ikaslaben espazio malgu eta ireki horiek ikaskuntza formalaren eta informalaren arteko oztopoak haustea ahalbidetzen dute eta, horrela, ikasleen jakin-mina eta ikertzeko gogoa pizten da. Ikaskuntza sakonagoa eskuratzen dute ikasleek.

Hainbat gunetan

Espazio malgu horiek, aldi berean, hainbat gunetan banatzen dira, ikasleek txoko horietako bakoitzean egingo duten lanaren arabera:

Ikertu gunea: ikasleek autonomiaz jarduteko espazioa da, bakarka, bikoteka edo taldeka. Ikertzeko, informazioa bilatzeko eta autoesploraziorako aukerak ematen dizkie gune honek ikasleei, entzule pasiboak izan beharrean. Gune aproposa da Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza edota Ikerketan Oinarritutako Ikaskuntza baliatzeko.

  • Sortu gunea: jakintzaren sorkuntzarako gunea da; ikasleek ikaskuntza prozesuan landutako eta garatutako ezagutzak eurek sortutako produktu batean islatuko dituzte, informazioa bereganatze hutsetik harago. Ikasleak sortzaile edo maker dira. Talde-lanak eta erabakiak hartzeko gaitasunak pisu handia dute hemen.
  • Komunikatu gunea: egindako lanak aurkezteko espazioa da. Sortutako lanak besteekin elkarbanatzeko ariketa horiek aurkezpen ortodoxoetatik harago joan behar dute, eta interaktibitateak, entzumen aktiboak zein feedbackak leku handia izan beharko dute. Teknologia berriek aukera ematen dute aurkezpen horiek modu presentzialean edo telematikoan egiteko.
  • Pentsatu gunea: ez da espazio fisiko bat; beste gune guztietan zeharka agertzen eta eragiten duen eta gune guztiak elkar lotzen dituen espazio transbertsala baizik. Pentsatuk ikas-irakas prozesuaren momentu guztietan egon behar du, ikasleek euren indargune eta ahulguneak ezagutu ditzaten.

Ikaslab proiektuaren planteamendu edo eskema nagusia den hau, ikastetxe bakoitzak bere errealitatearen edo hezkuntza proiektuaren arabera egokituko du, betiere proiektuak dakartzan oinarri teoriko nagusiei eutsiz, hala nola ikasleen autonomia eta protagonismoa ikas-irakas prozesuetan, irakaslearen laguntzaile rola, prozesu kognitiboen lanketa edo gaitasun kritiko eta konpetentzien garapena.