Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera ireki zuen azaroaren 29an Bilbon, Hezkuntza Saila garatzen ari den Ikaslab proiektuaren inguruan antolatutako jardunaldia. “Ikaslab: ikas-espazioak esperimentatzen” goiburuarekin, 200 lagunetik gora elkartu dira Bilbon, Ikaslab espazio bat abian jarri duten edo jartzekotan diren ikastetxeetako ordezkariak gehien bat, baina baita Berrikuntza Arduradunak ere. Esperientziak partekatu eta proiektuak dakartzan planteamendu metodologiko berritzaileez ikuspuntuak trukatu dituzte, ekimena gainerako ikastetxeei ezagutarazteko helburuz.
Egitaraua osatzeko, Gasteizko Koldo Mitxelena BHI eta Soraluzeko Plaentxi HLHI ikastetxeetako ordezkarien euren esperientzia azaldu dute, Bigarren Hezkuntzan lehenak eta Haur eta Lehen Hezkuntzan bigarrenak. Horrez gain, Edinburgoko Unibertsitateko Hizkuntzak eta Ikasgelako Pedagogian katedradun Do Coyle irakasleak ere “Espazioen alfabetatzeaz” hitzaldia eman du.
Ikaslab proiektuak espazio fisikoen inguruko esperimentazioa dakar Euskadiko Ikastetxeetara, ikasketa eta irakaskuntza prozesurako espazio berritzaileak sortu eta birpentsatzea. Espazio argiak, zabalak eta malguak ditu Ikaslab-ek, ikasleen arteko parte-hartzea, talde-lana, elkarrekintzak eta eztabaida sustatzen dituztenak. Altzari mugikor eta moldakorrez hornituak daude, eta ikaskuntza prozesurako gailu digitalak ere txertatzen dira bertan. Azken batean, ikaskuntza formalaren eta ez formalaren arteko muga gainditu nahi du Ikaslab proiektuak, espazioak horretarako egokituta.
2022-2023 ikasturtean abiatu zuen Hezkuntza Sailak Ikaslab, proiektu pilotu gisa, eta UPV/EHUren Bilboko Hezkuntza Fakultatearekin ikerketa prozesua abian du espazio hauen eragina ikertzeko, Euskal Hezkuntza Sistemarako eredu propioa sortze aldera. Berritzegune Nagusiaren aholkularitzarekin, dagoeneko 10 ikastetxe publikok martxan dute Ikaslab espazio bana, eta beste 13 horretarako lanean ari dira, proiektua diseinatzen eta espazioen erabileraren inguruko formakuntza jasotzen.