Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera, Zarauzko Lizardi Bigarren Hezkuntzako Institutuan izan zen urtarrilaren 26an , Ikaslab proiektua eta bere espazioak abian jarri direla eta. Marina Aranzabal zentroko zuzendariak Ikaslab proiektuetako bat bertatik bertara ezagutzeko bisita teknikoa zuzendu zuen. Proiektua haur, lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan garatzen da, eta eskolei eta institutuei espazio fisikoen birplanteamendua eskaintzen die, irakatsi eta ikasteko prozesu berri baten beharrei erantzuteko espazio berritzaileak sortu eta diseinatzeko.
Horretarako, Ikaslabek espazio argi, zabal eta malguak proposatzen ditu, ikasleen partehartzea, talde-lana, elkarrekintzak eta eztabaida sustatzeko. Altzari moldakorrak eta mugikorrak dituzte, eta gailu digitalak ikaskuntza-prozesurako.
Helburua ez da soilik espazioa tansformatzea, baizik eta ikasleari bere ritmo eta beharretara egokitzen diren tresna berriak eskaintzea, ikaskuntza-prozesua erakargarriagoa egitea, bere autonomia sustatzea, bere espiritu ekintzailea ere indartzea eta parte-hartzea bultzatzea: ikasle aktiboak eta konprometituak.
Bildarratz sailburuak berrikuntzak duen balioa azpimarratu zuen, ikastetxeek beren instalazioak egokituz joan daitezen lan-metodologia berriak eta ikaskuntzarako esperientzia berriak garatzeko. Era berean, neska-mutilen eskura jartzen diren teknologiak azpimarratu zituen, haien bizitzako edozein esparrutan aplikatuko diren komunikazio-estrategiak eskaintzeko.