Prestakuntza

II. Komunikazio Campusa abian

Goiena Komunikazio Taldeak eta Mondragon Unibertsitateak uztailean egingo den bigarren Komunikazio Campusa aurkeztu dute. Astebeteko iraupena duten bi txanda antolatuko dira: lehenengoa, hilaren 4tik 8ra; eta bigarrena, 11tik 15era. Izen-ematea zabalik dago.

Komunikazio Campusa Goiena Komunikazio Taldeak eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduak antolatzen dute. Aretxabaletan izango dira, Mondragon Unibertsitateko Komunikazio Campusean. Euskaraz egingo da, DBH 4. mailako eta Batxilergoko lehen mailako gazteei zuzenduta. Bi txanda antolatu dira, uztaileko lehen bi asteetan, astelehenetik ostiralera, goizez, 09:00etatik 13:30era. Lehenengo txanda uztailaren 4tik 9ra izango da eta bigarrena uztailaren 11tik 15era.

Zuzeneko podcast-a telebistatik

Campusaren helburua gazteak komunikazioaren mundura hurbiltzea da, modu praktiko eta dibertigarri batean. Horretarako, gai hauek jorratuko dira, besteak beste: kamera aurrean nola jarri, podcastak nola egin, fotokazetaritza, sare sozialak... Bigarren edizio honetan, zuzenean egindako podcasten gaia jorratuko da, telebistako platotik egiten direnak. Parte-hartzaile gazteek Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako Campuseko baliabideak izango dituzte eskura: telebista, ordenagailuak, ikus-entzunezko materiala... Era berean, Arrasateko Goiena egoitzara bisita praktikoa egingo da; bertan erredakzioa, telebista karrera eta abar bisitatuko dituzte.

Ikus-entzunezko Komunikazioko Mondragon Unibertsitateko Irakasle eta Goiena Komunikazio Taldeko komunikazioko profesionalez gain, komunikazio arloan ospe eta esperientzia aitortua duten profesionalek ere parte hartuko dute: Gazteako Ainhoa Vitoria komunikatzaile eta esatariaren, Tabakalerako eta Gazteako sare sozialetako aditu eta komunikazio teknikari Alex Padillaren eta Goienako mojo edukietan aditu –sakelako telefonoekin sortutako pieza informatiboak–Xabier Urzelairen eskutik.

Matrikula irekia

Izena emateko epea ekainaren 17ra arte dago zabalik eta prezioa 125 eurokoa da. Plazak mugatuak izango dira, gehienez 15 pertsona txanda bakoitzeko.

Goiena Komunikazio Taldea

Goiena Komunikazio Taldea euskaraz jarduten duen komunikazio enpresa da. Debagoienean kokatuta dagoen kooperatiba da eta lau hedabidetan banatzen du bere jarduna:

  • Goiena Telebista, Goienaren ikus-entzunezko arloa da. Egunero emititzen du, 24 orduz. Gehiena barne produkzioa da.
  • Goiena Aldizkaria, Goiena Komunikazio Taldea Kooperatibak argitaratzen duen astekaria da eta 2000. urtean sortu zen. Debagoieneko aldizkari eta komunikazio proiektuek bat egin zuten eta denon arteko elkarlanean Goiena kooperatiba sortu zen. Elkartze horretatik jaio zen, hain zuzen ere, debagoiendar guztion etxeetara iristen den Goienkaria lehenengo, eta ostean, Goiena Aldizkaria izena hartuko zuen astekaria. Astero, ostiraletan, Debagoieneko 20.000 etxetan banatzen dute, doan, harpidetza izendunarekin.
  • Puntua da Goienak astero kaleratzen duen idatzizko bigarren produktua. Goienakideek jasotzen dute, beste hainbat abantailen artean.
  • Goiena.eus Interneteko atari euskalduna da. 2003an ikusi zuen argia. Debagoieneko erreferentziazko webgunea da. Gertatutakoa uneoro kontatzen du.
  • Arrasate Irratia kudeatzen dute; astean 50 orduko barne emisioa du.