Beste Berriak

IDarte fest Vol. 01: Hemen da I•D arte eskolaren Arte eta Diseinu Jardunaldia (II)

Jardunaldiaren edizio honetan hizlari ezagunak izango dira, besteak beste, Iñigo Segurola paisajista, ZÜR arkitektura estudioa, Javi Royo eta Mikel Valverde ilustratzaileak, Carlos Santana adimen artifizialean aditua den diseinatzailea, edo Marisa Gallén diseinatzailea, Diseinuko Sari Nazionala.

Era berean, PUCK Cinema Caravana ere Arabako hiriburura hurbilduko da, munduko zinema aretorik txikiena. Zinema areto ibiltari bihurtutako karabana da PUCK. Barrualdea proiekzio gela txiki bat da, zazpi lagunentzako lekua duena. Bertara sartze hutsa unibertso oniriko batean barneratzea da, bizipen magiko batean. Zinema areto ibiltari berezi honek mundu osoko egileen animaziozko film laburrak proiektatzen ditu. Kaleko proposamena izanik, adin guztietako ikusleek zinema berezia ikus dezakete ingurune berezi batean: esperientzia artistiko paregabea. PUCKek egunero eskainiko ditu bere proiekzioak, urtarrilaren 25etik 27ra bitartean, I•D arteren egoitzan zein Gasteizko Foruen Plazan, gasteiztarren gozamenerako.

IDarte fest Vol. 01 jardunaldiaren egitarau osoa eta honen inguruko informazio guztia I•D arteren webgunean ikus daiteke:

https://www.idarte.eus/idarte-fest-vol-01/

Erakusketa

Programazioa osatzeko, I•D arteko ikasleek egindako hainbat lan eta proiektu batzen dituen erakusketa ere antolatu da. Erakusketa urtarrilaren 24tik otsailaren 19ra egongo da zabalik, Vital Fundazioaren Erakusketa Zentroan (Posta kalea 13-15, 3. aretoan). Euskadiko Arte eta Diseinu Goi Eskolak ematen dituen ziklo eta gradu guztietako ikasleen lanak ikusi ahal izango dira. Besteak beste, ilustrazioko Mazoka Bekaren irabazlearenak, Animazio zikloko ikasleek egindako proiektuak, Gazte Klik-klak argazki-lehiaketako lan irabazleak, Barnealdeen Diseinuko Visual Sarien lan irabazleak, edo Diseinu Grafikoko ikasleen kasuan, packaging proiektu inklusibo bat eta gradu amaierako tipografia proiektu bat.