IKUR Estrategia
Hyperion ezagutza berria sortzearekin lerrokatuta dago, IKUR estrategian identifikatutako lau esparru estrategikoen bidez: Neurobiozientziak, Teknologia Kuantikoak, Neutrionika (neutroien eta neutrinoen fisika) eta Superkonputazioa eta Adimen Artifiziala; eta baita euskal ikerketa-komunitatearen beste ildo garrantzitsu batzuetan ere, tartean Astrofisika eta Kosmologia, Klimaren Zientzia eta propietate aurreratuak dituzten Materialen Zientzia.
ERC Europako aitorpenak
Bisitan, Bildarratz sailburuak Euskadin lan egiten duten eta Europako Batzordearen ERC Grant laguntza lortu duten ikertzaileekin topaketa batean parte hartzeko aukera ere izan zuen. Hyperionek eta gainerako azpiegitura zientifikoek ahalbidetzen dute Euskadiko sare zientifikoak nazioarteko aitorpena handitzen jarraitzea, eta horren erakusle da gaur egun Europako aitorpena duten ikerketa-proiektuen hazkundea. Euskadik 28 ERC laguntza aktibo ditu gaur egun, eta horietatik hamar ERC Starting Grant dira; hamar ERC Consolidator Grant; sei Advanced Grant; eta beste bi ERC Synergy Grant*.
28 laguntza horiek, Europako funtsetatik datozen 61 milioi euro gehigarri baino gehiago dira, Euskadin ikerketan inbertituak, ikertzaileak kontratatzeko eta azken belaunaldiko ekipamendu zientifikoa erosteko.
ERC-ren laguntzak (European Research Council, Europako Ikerketa Kontseilua) Europar Batasunaren finantzaketa-programa bat dira, ezagutzaren mugan bikaintasun zientifikoa eta ikerketa bultzatzera bideratua. Beren karreren etapa desberdinetan dauden ikertzaileei zuzenduta daude, talentu gazteetatik hasi eta zientzialari finkatuetaraino. ERC laguntzen helburu nagusia berrikuntza, sormena eta ideia berrien esplorazioa sustatzea da hainbat diziplina zientifikotan.
- *ERC Starting Grant: beren karreren hasierako etapetan egon arren etorkizun handia duten ikertzaileentzat diseinatua (doktoretza egin eta 2-7 urtera), beren eremuetan potentzial bikaina dutela frogatzen badute.
- ERC Consolidator Grant: 7 eta 12 urte bitarteko doktoretza-ondoko esperientzia duten ikertzaile finkatuei zuzendua. Ikerketa-taldeen eta proiektu berritzaileen sendotzea babestea du helburu.
- ERC Advanced Grant: beren ikerketa-esparruetako liderrentzat, ibilbide nabarmenarekin eta doktoratu ondorengo 12 urte baino gehiagoko esperientziarekin. Helburua da ikerketa-proiektu aitzindari eta anbiziotsuak babestea.
- ERC Synergy Grant: ikertzaile-taldeentzat diseinatua, ikertzaile bikainen laguntza behar duten ikerketa-galdera konplexu eta anbiziotsuei batera heldu nahi dietenentzat.