Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearekin eta DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikerekin batera, Hyperion superordenagailua bisitatu zuen joan den otsailaren 19an, Donostia International Physics Centerren (DIPC) kokatua dagoen Superkonputazio Zentroan. Hyperion, potentzia handitu ondoren, Estatuko hirugarren superordenagailu indartsuena da, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko ikertzaileei ematen die zerbitzua. Zehazki, honako hauek hartzen ditu erabiltzaileen sareak: bederatzi Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketako Zentroak (BERC), Euskadiko unibertsitateak, Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC nanoGUNE eta CIC biomaGUNE), Ikerketa Sanitarioko Zentroak (Biogipuzkoa) eta Zentro Teknologikoak (Tecnalia).
2017tik hona, Hezkuntza Sailak 5.925.000 euroko inbertsioa egin du superkonputaziorako ekipamendua eskuratu eta hobetzeko. 2,8 milioi Hyperion eraiki eta abian jartzeko izan dira.
Hyperion jada erabiltzen da, beste proiektu batzuen artean, galaxien eraketa simulatzeko, material berrien portaera simulatzeko, teknologia kuantikoetan, adimen artifizialean, eta kimika konputazionalean garatzeko. Horrelako superordenagailuak ikertzaileen lana errazteko erabiltzen dira, arazo handi bat hainbat arazo txiki eta erabilgarritan sekzionatzeko gai direlako. Horietako bakoitzaren emaitzak konbinatu egiten dira gero, eta azken soluzioa denbora-tarte laburragoan aurkitzen da.
Superkonputazio Zentroko zuzendari Txomin Romerok azpimarratu zuenez, "Hyperionek 14.000 nukleo baino gehiago eta 150 TBko RAM memoria ditu, eta bere aurreko Atlas superordenagailuaren potentzia halako hiru du. Gaur egun, gure ekosistemako 500 zientzialari baino gehiagori ematen die zerbitzua".
Hyperion eraikitzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren estrategia globalaren barruan kokatzen da, hau da, komunitate zientifikoari bere lana egiteko behar dituen tresnak eta azpiegiturak emateko estrategian. Apustu horri esker, oraingoan DIPCn Hyperionekin egin den bezala, BERC Biofisika Bizkaiak bereizmen handiko krio-mikroskopio elektronikoaren momentuko eredurik aurreratuena du, eta BCBLn magnetoentzefalografiako ekipo berritzaile bat instalatu da jarduera kortikala erregistratzeko.