Beste Berriak

Hezkuntza Sailak irakasleei lagunduko die gazteek pornografia kontsumitzearen ondorioak ezabatzen (I)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak nerabeek eta gazteek pornografia eskuratzearen eta kontsumitzearen ondorioei buruzko prestakuntza-jardunaldia antolatu zuen. Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordeak parte hartu zuen irakasleei eta hezkuntzaren arloko profesionalei zuzendutako topaketaren hasieran. “Pornografiaren erabileraren ondorioak nerabe eta gazteentzat” izenburupean, lehen hitzordua Bilbao Exhibition Centre (Barakaldo) erakustazokan izan zen. Programa bera errepikatu zen hurrengo egunean, urtarrilaren 24an, Gasteizko Musika Kontserbatorioan egin zen bigarren jardunaldi batean.

Gazteak informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eskura izateak kezka sortu du azkenaldian gizarte-mailan eta, batik bat, hezkuntza-komunitatean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ikastetxeekin elkarlanean ari da telefono mugikorren eta erloju adimendunen erabileraren arloan eta Interneteko edukien kontsumo arduratsuaren arloan.

Oraingo honetan, eduki pornografikoak eskura izateari eta horrek gazteen harremanetan duen eraginari buruzko prestakuntza-jardunaldia antolatu zen, eta, jardunaldi horren bidez, baliabideak eskaini nahi ziren irakasleek neskei eta mutilei arlo afektibo-sexualari buruzko orientazioa eman ziezaieten. Adituek diote horrelako edukiak gero eta gazteago kontsumitzeak ondorioak dituela ikasleen arteko harremanetan, arlo sexualean, arlo
afektiboan eta, oro har, gizarte-elkarreraginean. Ildo horretan, adituen azterketak ardatz dituen hausnarketa batean parte hartu nahi zen, gazteek pornografiaren bidez hartzen dituzten ondorio negatiboak ezabatzeko dinamikak eta estrategiak sor zitezen. Sandra Sedano Balear Uharteetako Unibertsitateko irakasle elkartuak, Maria Rodriguez sexologoak eta Maider Garcia de Vicuña psikologoak gaia jorratu ostean, mahai-inguru
batean parte hartu zuten.