Beste Berriak

Hezkuntza Sailak 2022-2023ko Batxilergoko Sari Bereziak banatu ditu (II)

Ahalegina, lana, adimena eta bokazioa

Ekitaldian hitza hartuta, saritutako ikasleak, hauen familiak eta Batxilergoa egin duten ikastetxeetako arduradunak zoriondu ditu Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak. Nabarmendu duenez, "ikasle hauek saritzean gure hezkuntza sistema ari gara saritzen eta ez dago niretzat eginkizun gozoagorik. Gure indar guztiak hezkuntzaren zerbitzuan eta bere hobekuntzan jarriak ditugu. Zuek zarete gure lanaren sari eta poza”.

Ildo horretan, eta bertaratu diren ikasleei zuzenduz, nabarmendu du "zuetako bakoitzak euskal hezkuntza-sistema ordezkatzen duzue. Zuek frogatzen duzue sistemak funtzionatzen duela eta emaitza onak lortzen dituela. Ezagutzaren bikaintasunean eta ezagutza hori lortzeko ahaleginean nabarmendu zarete".

Sailburuordeak, halaber, 16 gazteek gaur saria jasotzeko erakutsi dituzten balioak aitortu ditu. "Ahalegina, lan handia, adimena eta hoberako bokazioa. Gaur jasotzen duzuen sari hau ahalbidetu duten bertuteak dira. Ahalegina, bera bakarrik, ez da bizitzan arrakasta izateko bermea, baina ahaleginik gabe ezinezkoa da hori lortzea. Adimenak ez du ezertarako balio, ahalegina alboan ez badu. Adimena etengabeko lanarekin eta bizitzan zehar ikasten jarraitzeko motibazioarekin bakarrik loratzen den gaitasuna da ". "Bizitzan ikasi eta helburuak lortzeko duzuen bokazioa da daukazuen ezaugarri nagusia. Ziur nago zuen bizitzei zentzua ematen dien bokazio hori dela zuen ezaugarririk onena".

Bikaintasuna saritzen duen ekitaldian, Pedrosak Euskal Hezkuntza Sistemaren beste ezaugarri garrantzitsu bat ere izan du hizpide, eta aldi berean Hezkuntza Sailaren apustua dena. "Ekitatea eta aukera berdinak gure ikasle guztientzat: bizitzaren aurrean aukera-berdintasuna". Ildo horretan, nabarmendu du laster onartuko den Hezkuntza Lege berriak bi ardatz estrategikoren aldeko apustua egiten duela: "aukeraberdintasuna eta hezkuntza-eraldaketa eta etengabeko hobekuntzaren aldeko apustua. Hori da lege honen bokazioa. Eta zuek ere utzi duzue zeuen arrastoa".

Amaitzeko, Hezkuntza sailburuordeak saritutako gazteei gogorarazi die "eskolarik, irakaslerik eta familiarik gabe ez zenuten sari hau lortuko, bidea ez zen hain erraza izango", eta bizitzan zehar euren buruei “galdera pertinenteak” egiten jarraitzeko eta “etikaz eta arduraz” jokatzen jarraitzeko eskaera egin die.