Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariarekin batera, 2022-2023 ikasturteko Batxilergoko Sari Bereziak banatu ditu gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu den ekitaldian. 16 gazte irabazleek, saridun direla egiaztatzen duen diploma jaso dute sailburuordearen eskutik, eta horrekin batera, baita 1.200na euroko diru-saria ere. Diru hori euren ibilbide akademikoan erabiltzeko gailu digitalak erostera bideratu beharko dute gazteek.
15.500 ikasle pasatxok egin zuten Euskadin Batxilergoko bigarren maila joan zen 2022-2023 ikasturtean, eta horietatik 424 aurkeztu ziren Batxilergoko Sari Berezia eskuratzeko probetara. Guztiek betetzen zuten baldintza hau: Batxilergoko bi kurtsoetan 8,75 puntutik gorako bataz besteko nota izatea. Joan zen ekainaren 14an burutu zuten proba, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, unibertsitatera sartzeko hautaprobak amaitu ondoren. Azterketan, hiru ariketa gainditu behar izan zituzten, bai norberaren Batxilergo modalitateari zegozkion ikasgai espezifikoen ingurukoak, bai hizkuntza probak (euskara edo gaztelania, eta atzerriko hizkuntza bat). Azkenik, puntuaziorik altuena lortu zuten 16 ikasleek gaur goizez jaso dute saria.
Ekitaldian izan dira, halaber, ikasle sarituen senitartekoak, eta baita Batxilergoa ikasi zuten institutuetako arduradunak ere. Ekitaldia girotzeaz Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko Eder Martinez ikaslea aritu da, gitarrarekin Joaquin Turina eta Celso Machado konpositoreen lanak eskainiz.
Batxilergoan ibilbide akademiko bikaina erakutsi duten ikasleei egindako ahalegina aitortzea da Batxilergoko Sari Berezien helburua. 2023-2024 ikasturte honetarako sarien deialdia 2024ko udaberrian argitaratuko da.