Prestakuntza

Herritarren iritzia NUPi buruz

NUPek Nafarroan duen aitortzari eta irudiari buruzko inkestan elkarrizketatutako pertsonen % 98k uste du NUP “oso garrantzitsua” edo “nahiko garrantzitsua” dela Foru Komunitatearen garapen ekonomiko eta sozialerako. Sei urtean behin egiten du inkesta NUPek eta hainbat gairi buruzko galderak egiten ditu: irakaskuntzaren, irakasleen eta ikerketaren kalitatea, tituludunen prestakuntza, inbertsioa eta ikerketaren errentagarritasuna, besteak beste.

Zehazki, Nafarroako garapen ekonomiko eta sozialerako NUP “oso garrantzitsua” edo “nahiko garrantzitsua” dela dioen balorazioa 2016an % 74 izatetik 2022an % 98 izatera igaro da. Gainera, 2016an elkarrizketatutako pertsonen % 20k “oso garrantzitsua” aukera hautatu zuen eta 2022an, berriz, % 73k; hots, berrogeita hamar puntu egin du gora. Balorazio horiek Conocimiento y Desarrollo Fundazioak (CyD) 2020an eta 2021ean egindako azterlanen emaitzak berresten dituzte. Azterlan horien arabera NUP unibertsitate liderra zen Espainian eskualdeko garapenari laguntzeari dagokionez.

Irakasleak eta ikerketa

Irakasleen kalitateari dagokionez, “oso ona” edo “nahiko ona” balorazioak gora egin du: 2016an % 50 zen, eta 2022an % 82. 2016an % 8k hautatu zuten “oso ona” aukera, baina orain erantzun hori elkarrizketatuen % 23k aukeratu dute; “nahiko ona” aukera % 42tik % 59ra igaro da.

NUPen ikerketa-mailari buruz ere galdetu zaie, eta “oso ona” edo “nahiko ona” erantzunak gora egin du elkarrizketatutako pertsonen artean: % 59 izan zen 2016an, eta orain, berriz, % 77. Ildo horretan, NUPen ikerketa-jarduerak Nafarroako gizartearentzat oso edo nahiko errentagarriak direla uste duen ehunekoa % 66tik % 73ra igo da, eta ikerketan inbertsio handiagoa egitea oso garrantzitsutzat edo nahiko garrantzitsutzat jotzen duten pertsonen ehunekoa, berriz,     % 91tik % 98ra. Kasu horretan, ikerketan inbertsio handiagoa egitea "oso garrantzitsua" dela uste dutenak % 60tik % 81era igo dira.

Era berean, inkestan galdetu zen ea unibertsitateko hezkuntzan egindako inbertsio publikoa errentagarria den Nafarroako gizartearentzat. % 84k erantzun zuen “oso errentagarria” edo “nahiko errentagarria” dela, eta 2016an ehuneko hori % 80 izan zen. Galdera horretan gorakada handia izan da “oso errentagarria” dela uste dutenen artean, 2016an    % 36 izatetik 2022an % 62 izatera igaro baita.

Inkestan parte hartu zutenen % 75ek uste du Nafarroako Unibertsitate Publikoa “batezbestekoaren gainetik” dagoela, eta % 12k “batezbestekoa baino pixka bat beherago” dagoela.

Galdeketan baloratutako beste alderdi batzuei dagokienez, hauek dira nabarmentzekoak: % 97k NUPen jarduera ezagutzen duela dio; % 76k uste du NUPek konpromiso handia duela gizartearekin; eta % 70ek dio NUPek konpromiso handia duela ingurumenarekin.