Beste Berriak

HASIERAKO LANBIDE HEZIKETA: Gizarte-kohesioaren aldeko apustua egiten duen Lanbide Heziketako eredu berria (I)

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalorekin batera, joan den otsailaren gaur goizean aurkeztu zuen Hasierako Lanbide Heziketaren eredu berria —orain arte Oinarrizko Lanbide Heziketa gisa ezagutzen zena—. Eredu hori Hezkuntza Sailak diseinatu eta 2024-2025 ikasturtetik aurrera jarriko du abian Lanbide Heziketako euskal sisteman. Aurkezpena Gasteizko Mendizabala Lanbide Heziketako
Ikastetxe Integratuko tailer batean egin da.

Prestakuntza-eredu malguagoa, egokituagoa, irekiagoa, irisgarriagoa eta efizienteagoa da, eta gizarte-kohesioan du bere zutabe garrantzitsuenetako bat. Hasierako Lanbide Heziketa sortzeko helburu nagusia da ikasleek ikasten jarraitzea, prestatzen jarraitzea, baita titulazio bat lortu ondoren ere. Inor atzean gera ez dadin sortu da, prestakuntzaibilbide batetik kanpo edo ikasketekin jarraitzeko aukerarik gabe ez geratzeko, eta kolektibo ahulenetan jartzen du arreta bereziki.

Gizarte-kohesioa

Gizarte-kohesioak eta gizartearen ongizateak —Eusko Jaurlaritzaren lehentasun nagusietako bi izanik— egoki prestatutako biztanleria zabala behar dute, kualifikatua eta integratua, sozialki zein profesionalki. Eta hezkuntza-sistemak izugarrizko garrantzia du gai honetan. Gizarte aurreratu eta kohesionatu batek ezin du inor atzean utzi; izan ere, hala gertatzea ez da ona bazterturik geratzen denarentzat, eta ez dio mesederik egiten
gizarteari oro har.

Horregatik, Hasierako Lanbide Heziketa oso giza-kolektibo zabal eta anitzari irekitzen zaio, DBHn arazoak izan dituen ikaslearekin hasi —eta aukera honetan aurkitzen du ikasten jarraitzeko bidea—, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei edo migratzaileei, besteak beste; helburu diren kolektiboen premiei erantzuten dieten hainbat ibilbide diseinatzen ditu, eta curriculum-garapenak horien ezaugarrietara egokitzen ditu.

Formazio eredu honetako ikasketak amaitzean, ikasleek bi titulazio lortzen dituzte (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua eta Oinarrizko Graduko titulua, eta ibilbide integratua egiten badute, Erdi-mailakoa ere bai), eta baita lanbide-ziurtagiri bat ere.

Titulazio horien helburua lanbide-konpetentziak eta enplegagarritasunerako  konpetentziak eskuratzea da, baita bizitza osoan zehar ikaskuntzarako konpetentziak eskuratzea ere.

Ateak itxi beharrean, Hasierako Lanbide Heziketak parez pare irekitzen ditu, ikasleek beren prestakuntza-ibilbidearekin jarraitu ahal izan dezaten. Horregatik, hezkuntzasistemako titulazio guztiekin loturak errazten ditu. Hau da, prestakuntza hori amaitzean, ikasleek Erdi Mailako, Goi Mailako, Batxilergoko eta unibertsitateko ikasketak egiten jarrai dezakete.