Beste Berriak

Harrera Urruzuno lehiaketako sarituei (I)

Donostiako Miramar jauregian jaso zuten aitortza irailaren 2an 2022ko Urruzuno Literatura Lehiaketan irabazle izan diren 20 neska-mutil gazteek, Amaia Agirre Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria buru zela ospatu zen ekitaldian. Bost egunez Arantzako aterpetxean (Nafarroan) egonaldia egin ondoren iritsi ziren gazteok Donostiara. Izan ere, abuztuaren 29an hasi eta gaur arte, sormena lantzeko tailerretan eta beste hainbat jardueratan parte hartu zuten gazteok, berriro ikasturteari heldu aurretik elkarrekin egun gogoangarri batzuk pasatzeko aukerari uko egin gabe. Egonaldi hauxe izan zuten irabazleek sari nagusia. Aurten 37. ediziora iritsi da gazteen literaturzaletasuna bultzatzeko Hezkuntza Sailak 1986tik antolatzen duen lehiaketa.

Sari-banaketa ekitaldi ezohikoa eta berezia izan da aurtengoa. “Idazlea izan nahi dut” izenburupean, sari-banaketa antzeztu eta musikatua eskaini zuen Iholdi Beristain idazle eta aktoreak, Paxkal Irigoyen musikariaren laguntzarekin. Sarituek ere parte hartze zuzena izan zuten ekitaldian, literaturaren inguruko euren gogoeta eta ikuspegiak bertaratutakoekin ahots goraz partekatuz. Irabazleekin batera, Miramarreko ekitaldian izan ziren haien senideak eta haien ikastetxeetako ordezkariak ere.

Urruzuno literatura lehiaketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen du, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendurik. Adina kontuan hartuta, bi kategoria bereizten dira: A kategorian, Batxilergoan eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari diren gazteek hartzen dute parte; B kategorian berriz, DBHko 3. eta 4. mailetan ari direnek.

Literatura egonaldia Arantzan

Fraka motzetan eta motxila eta guzti, sari gisa jaso zuten literatura-egonalditik zuzenean iritsi ziren gazteak Miramar jauregira. Bost eguneko egonaldian lagun izan zituzten Arantzako aterpetxean Yolanda Arrieta, Itxaro Borda, Mikel Ayllon, Joseba Irazoki edo Igor Arzuaga, besteak beste. Idazle, musikari eta sortzaile hauekin gertuko eta zuzeneko harremana izan zuten idazle gazteek, literatura-edukiz gainezka osaturiko egitaraua tarteko.

Arrietaren eskutik, literatura tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten; Itxaro Bordarekin, ibilbide literarioa osatu zuten Baztango parajeetan; Joseba Irazokiren gitarra eta ahotsek, berriz, ahaztezin bihurtu zuten idazle gazte hauen egonaldia arratsalde batez; eta Mikel Ayllonen eta Igor Arzuagaren eskutik, berriz, Eduardo Galeanoren testuetan oinarritutako “Mara feat. Milay” ipuin musikatuaren emanaldiaz gozatu ahal izan zuten. Aipaturiko horiez gain, Igor Elortza eta Unai Iturriagak giroturiko bertso bazkaria eta gaubela literarioak ere izan ziren aste honetako egitarauan. Sormena lantzeko eta literatura-zaletasuna pizteko abagune polita gazteontzat, ikasketetara itzuli aurretiko azken opor egunetan.

Baina aisialdiko kirol jarduerarik ere izan zuten egun hauetan, Bortzirietako inguruak barne barnetik ezagutzeko. Espeleologia eginez, Arruzpiko kobazuloa bisitatu zuten idazle gazteek.

2022ko Urruzuno Literatura Lehiaketan 137 lan aurkeztu ziren orotara, 31 lan poesian eta 106 prosan. Ohi den eran, euskal literaturan eta kultur munduan aditu eta aritu diren izenek osatu zuten aurten ere lehiaketako epaimahaia: Gari Berasaluze, Peru Iparragirre, Mikel Ayllon, Iratxe Retolaza eta Patxi Zubizarreta idazleak izan ziren epaimahaikide.

2022ko edizio honetan sarituak gertatu ziren lan guztiekin liburua argitaratu du Hezkuntza Sailak Sagastiberri bilduman. Liburua laster banatuko da eskola guztietara, eta parte hartzaile guztiei ere bidaliko zaie.