Apirilaren 6tik 8ra, Giza Eskubideen Nazioarteko II. Batzarra egin zen Bilbon. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eva Ferreira UPV/EHUko errektorea izan ziren Batzarraren hasieran. Biak ala biak kezkatuta agertu ziren gaur egun giza eskubideek munduan duten egoeragatik, eta biek ere Pablo Gónzalez, Polonian atxilotutako euskal kazetaria, aipatu zuten Ukrainako gerrak markatutako hitzaldietan.
Ekitaldi ofizialaren ondoren, aurtengo edizioko bi plater nagusik eman zioten hasiera Batzarrari. Horietako bat NBEren Errelatore Berezi Fionnuala Ní Aoláin-en (terrorismoaren aurkako borrokan giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babesteko esparruko errelatorearen) parte-hartzea izan zen, eta bestea, Priya Thuvassery eta Kavita Bundelkhandi kazetariek Khabar Lahariya egunkariaren esperientziari buruz emandako azalpena.
Ní Aoláinen hitzaldiaren izenburua 'Terrorismoaren eta estremismoaren aurkako borrokaren testuinguruan adierazpen-askatasunari jartzen zaizkion mugak' zen. 2001etik, terrorismoaren aurkako borroka da Estatuen mundu-, eskualde- eta nazio-mailako erregulazioaren alderdirik nabarmenetakoa; izan ere, esan daiteke arau-esparru berri bat sortu dela munduan, terrorismoaren aurkako mundu-arkitektura berri batekin batera.
Fionnuala Ní Aoláinek bere hitzaldian egiaztatu zuenez, azken bi hamarkadetan adierazpen-askatasuna izan da terrorismoaren aurkako estrategien ardatz nagusietako bat. Horrek ondorio kaltegarri nabarmenak ekarri ditu hainbat alderditan; besteak beste, legeak gero eta murriztaileagoak dira, eta eremu publikoko parte-hartzea eta erlijio-adierazpena mugatu egin dira.
"Errelatore berezi gisa, dokumentatu ditudan erronkarik larrienetako bat terrorismoaren eta indarkeriazko estremismoaren aurkako neurrien erabilera desegokia eta abusu gero eta handiagoa da. Giza eskubideen defendatzaileak, gizarte zibileko taldeak, langile humanitarioak, gutxiengoak, eta, zenbait kasutan, beren funtsezko adierazpen- eta asoziazio-askatasunez baliatzeko bezain ausarta den edozein pertsona erreprimitzeko erabili izan dira neurri horiek" adierazi zuen Fionnualak. Horren adibide dokumentatuak ere eman zituen, besteak beste Frantzia, Txina, Brasil, Etiopia, Uzbekistan eta Perun gertatutako kasuei buruzkoak.
Batzarreko bigarren hitzaldiak Khabar Lahariya egunkariaren historia bikainaren berri eman zuen. 20 urte bete dituen esperientzia hori komunikaziotik askoz harago doa; izan ere, feminismoarekin eta Indiako genero- eta kasta-oztopoen hausturarekin du zerikusia. Khabar Lahariya, emakumeek soilik idatzitako Indiako lehen egunkaria, gertaeren berri ematen zuen oso tokiko hedabide gisa hasi zen. Orain, milioika pertsonak jarraitzen duten multimedia hedabide bat da, eta, gainera, Indiako landa-eremu kontserbadorean ildo editorial feministari eustea erabaki du.
Priya Thuvasseryk eta Kavita Bundelkhandik azaldu zutenez, hedabideetako produktuak ekoizteaz gain, hedabide horiek landa-eremuko emakumeak trebatu egiten dituzte eta aholkua ematen diete, urruneko landa-barrutietan ikertzeko eta edukiak sortzeko. Gainera, goitik behera aldatu dituzte jendeak landa-eremuetan bizi direnentzako edukiari eta horiek sorturiko edukiari buruz dituzten aurreiritziak.
Osoko Bilkura
Osoko Bilkura, apirilaren 7an, Daniel Gamperren hitzaldiarekin hasi zen: 'Hitz librearen zirkunstantziak: iraina, probokazioa eta isiltasuna'. Ondoren, Iñaki Esparzak horri buruzko mahai-ingurua moderatu zuen. Kafea hartzeko etenaldiaren ondoren, Tatjana Hörnle doktorea 'Adierazpen-askatasuna eta zuzenbide penala gizarte pluralean' gaiari buruz mintzatu zen, eta, horren ostean, Enara Garrok moderatutako mahai-inguru bat egon zen.
14:30ean, berriz bildu zen osoko bilkura Josep Casadevallen 'Adierazpen-askatasuna eta haren mugak' hitzaldirako, eta, 16:30ean, Katalina Boterok 'Adierazpen-askatasuna Latinoamerikan' hitzaldia eman zuen. Patxi Etxebarriak eta Eneko Etxebarriak zuzendu zituzten mahai-inguruak, hurrenez hurren.
Osoko bilkuren aurretik eta ondoren, ahozko komunikazioak eta posterrak izan ziren protagonista; berrehundik gora ekarpen egin ziren.
Giza Eskubideen Nazioarteko Batzarra
Adierazpen askatasunak Estatu Demokratikoaren giltzarria den heinean gaur egun une gatazkatsuak bizi ditu. Gorroto diskurtso arrazista, xenofoboa, matxista, eta erlijio sinismenen edo arerio-etsai- politikoen erasotzailea indarra hartzen ari da. Joko demokratiko bera eta eskubideen lorpenak arriskuan dirudite. Muturreko indar politikoen mehatxuzko eszenatoki baten aurrean, badirudi eztabaida publiko eta librerako tokia txikitzen ari dela. Zein muga dira zilegiak? Noiz debekatu behar dira diskurtsoak? Noraino babestu eta onartu behar dira? Giza Eskubideen Nazioarteko II Batzarrak (Bilboo, 2022ko apirilak 6-8) adierazpen askatasunaren erronkei buruz gogoeta egin nahi zuen, bere gaurko diagnostikoaz, bere gain zuzentzen diren mehatxuaz, baina, baita Askatasunaren Estatuaren bizkar hezurra den heinean gordetzen duen indarraz ere eztabaidatu nahi zuen.
Iñigo Urkulluren parte-hartzea
Iñigo Urkullu lehendakariak, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak lagunduta, Giza Eskubideen II. Nazioarteko Batzarrari (Adierazpen Askatasuna) hasiera eman zion, Bilboko Euskalduna jauregian.
Apirilaren 6a eta 8a bitarte ospatu zen Giza Eskubideen Nazioarteko II Batzarrak adierazpen askatasunaren erronkei buruz gogoeta egin nahi zuen, bere gaurko diagnostikoaz, bere gain zuzentzen diren mehatxuaz, baina, baita Askatasunaren Estatuaren bizkar hezurra den heinean gordetzen duen indarraz ere eztabaidatu nahi zuen.
Lehendakariak, bere hitzaldian, indarkeriarik ezan, printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan, eta giza eskubideen defentsa aktiboan, babesean eta berme eraginkorrean oinarritutako elkarbizitza-ereduaren alde egin zuen. "Eskubide guztiak pertsona guztientzat", gaineratu zuen.
Ildo horretan, Bizikidetza, Giza Eskubideak eta Aniztasuna Sustatzeko Plana, “Udaberri 2024”, aipatu zuen. Plan horrek lau helburu dituen Giza Eskubideen Agenda Globala jasotzen du: herrialdeko politika guztiei giza eskubideen ikuspegia ematea; herritarrak sentsibilizatzea eta ahalduntzea, giza eskubideekiko konpromisoa aktibatzeko; eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen agendan aurrera egitea; eta giza eskubideen nazioarteko proiekzioari buruzko programa espezifikoei jarraipena ematea eta bultzatzea.
Adierazpen askatasuna eztabaidagai izan zen Kongresu honetan. Lehendakariaren ustez, beharrezkoa da eztabaida hori, “adierazpen askatasuna zuzenbideko estatu demokratikoaren giltzarria baita”.
Une honetan, munduan giza eskubideen etorkizuna oso kolokan dagoenean, lehendakariak adierazi zuen adierazpen-askatasuna gerra guztien beste biktima bat dela. “Gaur egun kazetaritzako profesionalak hiltzen dituzte Ukrainan eta munduko beste toki batzuetan, gatazka odoltsuetan murgilduta. Mugarik Gabeko Erreportariak (RSF) erakundeari dei egiten diot, lanbideari errespetua eta babesa eskatuz, baita epaiketa azkar eta justu bat ere Pablo Gonzálezen kasuan”, adierazi zuen.