Nilofar Bayat aktibista eta saskibaloi jokalari afganiarra da Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 19. edizioko kartelaren protagonista. Zinemaldia 2022ko apirilaren 1etik 8ra egingo da, Victoria Eugenia Antzokian zein hiriko beste agertoki batzuetan.
Aurten, Zinemaldiko kartelak azken urteetako ildo kontzeptuala alde batera utzi du eta bere herrialdeko emakumeen eskubideen aldeko borrokalari hau izango du protagonista. Argazkia SISU 360º (Jotta Zubiría & Uxue Montero) enpresak egin du eta kartela Ytantosek diseinatu du.
Nilofar Bayat neskatila bat zen talibanen miliziak jaurtitako obus bat bere etxera sartu zenean, eta anaia bat hil eta hura larriki zauritu zuenean. Harrezkero, mugitzeko arazo larriak ditu. Hala ere, talibanak boteretik irten eta gero sortutako aperturismo minimoa aprobetxatzen ahalegindu zen Nilofar eta, aukera zuenez orduan, ikasten hasi zen, aurrena bigarren hezkuntzan eta hurrena unibertsitatean; Zuzenbide ikasketak egin zituen bertan. Nazioarteko Gurutze Gorrian aritu zen lanean GKE honek Kabulen duen errehabilitazio-zentroan. Bertan, kirol-jarduera bultzatu zuen dibertsitate funtzionala duten emakumeen kolektiboaren barruan, eta horrela eratu zen gerora gurpil-aulkiko saskibaloiko selekzio nazionala. Taldeko kapitaina zela, nazioarteko lehiaketa askotan parte hartu zuen, eta partidu ziklo berri bat prestatzen ari zirenean, erori egin zen Afganistango Gobernua, Estatu Batuek koordinatutako koalizio militar batek babestua. Momentu hartan Nilofarrek argi ikusi zuen, talibanek bere garaian bere gorputz zati bat kendu bazioten, kendu egingo ziotela orain berak eraikitako guztia eta, batez ere, bere herrialdeko emakumeen berdintasun eta aurrerabiderako itxaropena. Hala, ez zuen tarte batez ere pentsatu: bere bizitza arriskuan zegoela sinetsita, lagun zituen kazetarien bitartez SOS dei bat zabaltzea erabaki zuen, eta erantzuna izan zuen Espainiako Gobernutik; honek pase bat eman zion Kabuldik ebakuatzeko.
Espainian, Bidaideak, dibertsitate funtzionala duten pertsonen elkarteak, eskua luzatu zion bere bizitza berrantolatzen has zedin. Saskibaloian jokatzen du bere taldean, Bidaideak Bilbao BSRn, eta beste emakume batzuekin Free Women for Afghanistan eratu du, bere herrialdean desgaitasuna duten emakume taldeekin lankidetza proiektuak garatzeko eta, batez ere, talibanen gobernuak emakume horiek eraman nahi dituen egoera salatzeko.
"Ez ahaztu Afganistango emakumeez", dio behin eta berriz, eta bere ahots ezti eta irmoak dei egiten digu guztioi solidaritatea errealitate bihurtzera.
Haur eta gazteei zuzendutako 3 film
Aurten, giza eskubideen inguruko hausnarketa lantzeko, ikastetxeei Zutik!, Tximinoen izarra eta Maixabel pelikulen eskaintza luzatzen da. Pelikulen gaia lantzeko gida didaktikoak ere banatuko dira.
Zutik! eta Tximinoen izarra dira Donostiako Giza Eskubideen 19. Zinemaldian ikastetxeei onlineikusteko eskainiko zaizkien filmak. Eta ikastetxeek online bidez apirilaren 4tik 8ra proiektatu ahalko dituzte. Maixabel filmea aldiz, Victoria Eugenian proiektatuko da.
Eskaintza doakoa da eta www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunearen bidez eman dezakete ikastetxeek izena martxoaren 26 arte.
Urtero bezala, Giza Eskubideen Zinemaldiak filmak lantzeko gida didaktikoak prestatu ditu. Proiekzioak ikusi aurretik eta ondoren haur eta gazteak giza eskubideen inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da helburua.
Filmeen gai nagusiak honako hauek izango dira: ingurumenarekiko errespetua, familia aniztasuna eta justizia leheneratzailea eta terrorismoaren biktimen erreparazioa.
Informazio gehiago:
www.zinemaetagizaeskubideak.eus