Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Bizkaia proiektua mundu osoko 100 unibertsitate baino gehiagoren aurka lehiatuko da Formula Student lehiaketa entzutetsu eta zorrotzean, Silverstoneko zirkuituan (Erresuma Batua), uztailaren 19tik 23ra.
Formula Student Bizkaia proiektua azken ikasturte honetan gogotsu lanean aritu da Bilboko Ingeniaritza Eskolako 60 ikaslek eta 3 irakaslek osatutako taldeak aurrekaririk gabeko bi ingeniaritza-erronka lortzeko. Alde batetik, FSB2023ren diseinua eta eraikuntza. Azken belaunaldiko eserleku elektriko bat da FSB2023, eta trakzio osoa du. 0 km/h-tik 100 km/h-ra bitarteko abiadura har dezake 3 segundoan, eta "Endurance" lasterketaren 22 itzuliak egin ditzake, erritmo bizian. Bestalde, GidarIA izeneko "made in Euskadi" gidatze autonomoko lehen sistemaren diseinua. Sistema horren bidez, ibilgailu automatizatu batera konektatu ondoren, inguruko sentsoreen datuak aztertu eta zirkuitua modu autonomoan egiteko erabaki egokiak har daitezke.
Proiektuko ikasleek, irakasleen tutoretzapean, ikasturte osoan lan egin dute beste herrialde batzuetako unibertsitate onenek garatutako ereduen aurka borrokatzeko gai diren bi prototipo horiek amaitzeko. Hala, FSB2023 prototipo elektrikoak trakzio-sistema berri bat du, gurpil bakoitzean integratutako lau motor elektrikok osatua. Ingeniaritza-erronka horri aurre egiteko, ikasleek berek diseinatutako software baten bidez optimizatutako bateria-sorta bat jarri behar izan dute, eta, horri esker, 110 zp-ko potentzia 228 kg-ko pisuan garatzera heldu dira. Ibilgailuaren egonkortasuna bermatzeko, ikasleek esekidura banandu berri bat eta pack aerodinamiko berri bat diseinatu dituzte, ibilgailuari edozein baldintzatan heltzeko.