Sail Ofizialeko film luzeen aurrerapena
- American Carnage (2022). Diego Hallivis. AEB. Riversideko bizitza amesgaizto bihurtzen da paperik gabeko immigranteentzat, gobernuaren agindu batek haiek berehala atxilotzea erabakitzen duenean. Handik irten eta herrialdean geratzeko aukera bakarra AEBn jaiotako seme-alabek dute, eta beren familiekin biltzeko adinekoentzako egoitzetan lan egin beharko dute. Juan Pablo, beste gazte latino batzuekin batera, Owl Cove zentrora bidali zuten, eta han laster ohartuko ziren gauzak ez direla diruditenak. Diego eta Julio Hallivis anaia mexikarrek Espainian filmatutako beldurrezko filma, immigranteentzako atxilotze-zentroetan inspiratua.
- Fumer fait tousser (2022). Quentin Dupieux. Frantzia. Dortoka deabrudun baten aurkako borroka latz baten ondoren, “Tabac Force” izenez ezagun diren bost justiziariok erretiro espiritual batera joateko agindua jasotzen dute, taldearen kohesioa indartzeko. Dena zoragarri doa, leku liluragarri batean; ordea, harik eta Lézardinek, Gaizkiaren enperadoreak, Lur planeta deuseztatzea erabakitzen duen arte. Quentin Dupieuxek -Le Daim (2019), Mandibules (2020)- bere burua gainditzen jarraitzen du film berri bakoitzarekin.
- The Lair (2022). Neil Marshall. Erresuma Batua. Royal Air Forceko pilotu Kate Sinclair Afganistan gainean eraitsi dute. Tropa aurkariek jazarria, abandonatua dirudien lurpeko bunker batean aurkitzen du babesa. Baina, bertan, lozorro luze batetik esnatu berri diren izaki ikaragarri eta boteretsu batzuek eraso egiten diote. Britainiar soldadu talde batek erreskatatu eta bere kanpamendura eraman du. Izakiak, ordea, gose dira oraindik. Dog Soldiers (2002) eta The Descent (2005) bere lehenengo filmen lurraldera itzuli da Neil Marshall ekintzazko eta beldurrezko film izugarri honekin.
- Mad Heidi (2022). Johannes Hartmann. Suitza. Heidi gaztea Alpeetan bizi da, Suitza distopiko batean. Hogei urtez geroztik Meili (Casper Van Dien) gaztagile eta presidenteak gobernatzen du herrialdea modu diktatorial batean. Heidi pozik eta herrialdea jasaten ari den egoeraz jabetu gabe mendialdean bizi da bere aitonarekin eta bere mutil-lagun Pedro ahuntzainarekin, zeinak klandestinitatean trafikatzen duen berak egindako gaztarekin. Egun batean mutila aurkitu eta exekutatu egiten dute. Heidik borrokari ekin beharko dio diktadore faxistaren mendetik bere herrialdea eta bere gazta askatzeko. Johanna Spyrik sortu eta Isao Takahatak zuzendutako 70eko hamarkadako telesail japoniar ospetsuak ezagun egindako pertsonaien berrikuspen zoratzailea.