Beste Berriak

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zen (II)

Euskararen Eguneko Adierazpena

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteizko udalek eta Eusko Jaurlaritzak Adierazpena adostu dute. “Adostasunetik, etorkizunaren giltzarri” izenburupean adierazpenak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea adostasun zabal sendo baten gainean eraikitakoa dela azpimarratzen du eta hortik “eraginkortasuna” datorkiola gogoratzen du: “asko zor dio euskarak adostasunari, eta deus ere adostasun ezari. Adostasuna baitu euskararen etorkizunak giltzarri; hondamendi luke euskarak, ordea, adostasun eza”.

Erakundeek adostutako adierazpenak nabarmentzen duenez “norabide ugaritan proiektatu ziren Euskararen Legean adostasunaren ildoak, eta bide horretatik jarraitu behar dugu aurrerantzean ere. Desberdinen arteko adostasunean bilatuko baitugu beti elkarrekin aurrera egiten jarraitzea ahalbidetzen duen konpromisoaren puntu kritikoa, giltzarria. Hortik kanpora, euskarak galbide lukeen liskar soziala baizik ez”. Gizarte eleaniztun bat eraikitzerakoan  Euskaraldiak biltzen duen “adostasun sozial eta politikoaren neurria” “baliagarri eta bide-erakuslea” ere badela azpimarratzen du adierazpenak.

Ekitaldia

Sara Cozar eta Kepa Errasti aktoreek gidatuta, eta Janus Lesterren musikak lagunduta denboran zehar bidaia bat proposatu zuen ekitaldiak. Legearen inguruan lanean aritu ziren gonbidatuak ere izan ziren oholtzan besteak beste, Pedro Miguel Etxenike (bideo bidez), Mari Karmen Garmendia eta Miren Azkarate sailburu ohiak. Bide berrietan egiten ari den ibilbideaz hitz egin zuen, berriz, Paul Urkijo zinegileak. Horrez gain, legearen sorreran parte hartu zuten legebiltzarkide ohiei omenaldia egiteko ere baliatu zen ekitaldia.