Beste Berriak

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zen (I)

Iñigo Urkullu Lehendakaria izan zen abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldiaren buru. Gasteizko Europa Jauregian egin zen ekitaldian Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Josu Erkoreka Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun Sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Gorka Urtaran Gasteizko Alkatea ere izan ziren beste agintari eta euskalgintzako ordezkari batzuekin batera.

Ekitaldian Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak 40 urte bete dituela gogoratu zen. Euskararen Lege bezala ezagutzen duguna 1982an onartu zen eta legearen sorreran parte hartu zutenei omenaldia egiteko balio izan zuen ekitaldiak. Horrela Europa Jauregian Pedro Miguel Etxenike, Mari Karmen Garmendia eta Miren Azkarate sailburu ohien lekukotzak entzun ahal izan ziren. Ekitaldian Inmaculada Boneta, Jose Luis Lizundia eta Jon Olaberria legebiltzarkide ohiak ere izan ziren, besteak besteak.

Gasteizko ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakariak esan zuenez, berrogei urte bete dituen legea “landu, onartu eta bideratu zutenen ausardi demokratikoa ospatzen dugu. Ospatzearekin batera, gorazarrea ere egin nahi diegu euskararen aldeko lanari etorkizun oparo baten bidea zabaldu zioten haiei. Ikuspegi, sentiberatasun eta joera desberdinetakoak lankide bihurtzeko ausardia izan zuten”. Lehendakariak gaineratu zuenez “gogotsu erantzun die euskal gizarteak: euskararen herriak euskarak berrogei urteotan ezagutu duen hazkunde eredugarria eskaintzen die, oroigarri gisa, Euskararen Legea bideratu zutenei, haien jokabide ausart bezain adimentsuaren onespenez”.

Iñigo Urkullu Lehendakariak lanari eta konpromisoari eusteko deia ere luzatu zuen: “Beharrezkoa izaten jarraitzen du, berrogei urte geroago, ausardi hura, erronka berriei ere adostasunez aurre egiteko”. “Euskaraldiak argi uzten digunez, euskararen erabilerarako dei ausartak badu gizartea elkartzeko gaitasuna… Ausardia eta zuhurtzia orekatzen asmatzen badugu… Eraginkortasuna eta batasuna lotzen asmatzen badugu… Euskararen Legea bideratu zutenen ausardiaz” adierazi zuen Lehendakariak.  

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazi zuenez azken 50 urteotako bidea oso garrantzitsua izan da euskararentzat eta euskal hiztunontzat: “esango nuke inoiz izan duen goien gradura ekarri duela euskal erkidegoak gure hizkuntza. Egindako bideak, baina, eginkizun dagoena erakusten digu. Aurrera jarraitzeko aukeran gaude, eta alde ditugu egindako guztia, erakundeen babesa, herritarren atxikimendua eta akordioek ematen duten adostasuna. Goazen aurrera!”.