Arantzazuko Naiara Goiak, Arantzazulab-en zuzendari nagusiak, Agustin Erkiziak, Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako campuseko errektoreordeak, Xabier Riezuk, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordeak, eta Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Falkultateko dekanoak prentsa agerraldia egin zuten Arantzazun apirilaren 19an, 'Demokraziari buruzko ulermenak gurean' izeneko ikerketaren lehen emaitzak aurkezteko. Euskal Autonomia Erkidegoan herritarrei egindako inkesta horren bidez, gure gizartean demokraziari buruz dauden iritzi, uste eta ulermen nagusiak ezagutu nahi izan dira.
Ikerketa Elkargunean egindako inkesta
Ikerketa hori Arantzazulab-ek sustatzen duen Ikerketa Elkargunearen baitan egin da. Elkargune hori 2021ean abiatu zen, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Deustuko Unibertsitatearen eta Mondragon Unibertsitatearen arteko elkarlanerako espazio kolaboratibo gisa. Elkargunearen helburua da hiru unibertsitateetako diziplina ezberdinetako ikertzaileak elkarrekin ezagutza berria sortzen, hausnartzen eta ikertzen aritzea, etorkizuneko erronkei erantzun ahal izateko elkarlanean jakintza berria sortzeko.
Ikerketa Elkargunearen hastapenean, eta 3 unibertsitateetako 50 ikertzailerekin egindako lan saio ezberdinetan hasierako bi ikerketa-ildo lehenetsi ziren abiatzeko, oinarri-oinarrizkoak direlako eta Arantzazulab-en egitekoarekin lotura zuzena dutelako: Lankidetzazko Gobernantzari buruzko oinarrizko ikerketa eta markoa eraikitzea; eta Demokrazia ulertzeko moduei buruzko oinarrizko ikerketa garatzea. Bigarren honi lotutako ikerketa proiektuaren lehen emaitzak aurkeztu dituzte.
Izan ere, Demokraziaren inguruko kezka handia da gaur egunean: demokraziaren krisia, atsekabe politikoa, herritarren egonezina eta desa-txikimendua Mendebalde osoan pil-pilean dagoen gaia da. Ikerketa asko ari dira egiten mundu zabalean, eta baita gurean ere, demokraziaren kezka horri erantzuteko argia bilatu nahian. Horien osagarri, eta gurean orain arte gehiegi sakondu ez den galdera bati erantzun nahian abiatu zen ikerketa lerro hau: Nola ulertzen da demokrazia? Zein kontzepzio daude demokraziari buruz? Horretarako hiru lan eta metodo uztartu dira proiektu honetan: lan teorikoa egungo eztabaida nagusietan sakontzeko, teknika kualitatiboaren bidez demokraziaren sistemako eragile ezberdinen kontzepzioen bilaketa eta inkesta bidez, herritarrek duten demokraziaren ulermenaren gaineko ikerketa. Horrela, gurean demokraziari buruz dauden ulermenak eta iritziak ezagutu nahi izan dira, horiek mundu mailako eztabaida nagusiekin erlazionatu, eta aldi berean, ebidentzia eta datuetara ekarri herritarren kontzepzio demokratikoa. Oraindik martxan dagoen ikerketa proiektua da, eta gaur, zehazki, herritarrei egindako galdeketaren lehen emaitzak aurkeztu dira.
Inkestaren ezaugarriez
Galdeketa telefono bidez egin da (CATi sistema erabiliz). Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 18 urtetik gorako populaziaren lagin errepresentatiboa hautatu da, adina, generoa, lan egoera, eta udalerriaren tamaina kontuan edukita, besteak beste. Guztira 2.173 pertsona elkarrizketatu dira: 1.022 pertsona Bizkaian, 661 Gipuzkoan, eta 490 Araban.
Galdetegia berariaz diseinatu da hiru aldagai nagusi kontuan izanda: ikerketaren galdera nagusiei erantzutea, gure herrian kultura politikoari edo demokratikoari egin izan diren beste ikerketak kontuan hartzea eta nazioartean egiten diren galdera estandarrak sartzea. Modu horretara, neurri batean, emaitzek ikerketa konparatua egiteko aukera ematen dute, eta gure lurraldea Mendebaldeko beste herrialde eta eskualdeekin alderatzekoa. Eta aldi berean, lehen aldiz egin diren galderetan ezagutza berria sortzeko bideak urratzen dira. Horrela, beraz, herritarrek demokraziari buruz zer pentsatzen duten eta ze balorazio egiten dituzten ezagutzeko aukera izan da.