2024ko maiatzaren 8an, Euskal Kulturaren Eragiletzan masterraren 2. jardunaldia antolatu zuen Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak. Sasi guztien artetik lelopean, puntako hiru hizlarik hartu zuten parte Eskoriatzako campusean egin zen jardunaldian: Josu Martinez zinema- zuzendariak, Xabier Irujo historialariak eta Alaitz Aizpuru filosofoak. Ekitaldia 16:00etan hasi zen eta 18:30era arte luzatu zen. Jardunaldia irekia zen, baina interesdunek aldez aurretik izena eman behar zuten.
Egitaraua
- 16:00. Sarrera.
- 16:10. Josu Martinez. Atzerakoia, txokoan bizitzeko gogoa.
- 16:45. Xabier Irujo. Genozidioa: linguizidioaren habia.
- 17:35. Alaitz Aizpuru. Mundu propio bat.
- 18:15. Bukaera.
Hizlariak
- Josu Martinez. Zinema zuzendaria.
Josu Martinezek dozena bat film zuzendu ditu, fikzioan, zein dokumentalean, beti euskaratik eta usu kultur memoriarekin lotutako gaiei buruz. Berriki, Bizkarsoro filma zuzendu du, eta herriz herri aurkezten ari dira. Bere esperientziatik abiatuta, zineman euskarak dituen aurreiritzi, aje eta erronkez ariko da.
- Xabier Irujo. Historialaria.
Linguizidioak, hizkuntzaren desagertzeak, nortasun, kultura eta historia ohiturak galtzea ekar dezake, eta horrek gizartean ezintasunak eta gatazkak sortzen ditu. Hizkuntzaren desagertzea genozidioaren espresio da. Hizkuntzen desagertzea mundu osoko herrietan gertatzen ari den arazoa da, eta kasu gehienetan hizkuntza hegemoniaren indarkeria kulturala da hizkuntzen galeraren arrazoi nagusia. Linguizidioak genozidioan du habia.
- Alaitz Aizpuru. Filosofoa.
Hizkuntza debekatua gizatasun debekatua da. Horren aurrean, “Mundu propio bat behar dugu”, zioten Joxe Azurmendik eta 1956ko belaunaldikoek. Alaitz Aizpuruk 1956ko belaunaldia aipatuko du erresistentzia eta biziberritzearen adibide gisa. Gaur egungo eta etorkizuneko egoerari egingo dio keinu, oraindik eta berriz, eta etorkizunean ere, euskaldunok “Mundu propio bat eraiki behar dugunaren garrantzia” azpimarratuz, globalizazioaren erdian bizi dugun higatze kultural neurrigabeari eutsiko badiogu. Zenbait gogoeta egingo ditu “mundu propio” horren zergatiaz, zertarakoaz eta nolakotasunaz.
Maiatzaren 8an izan zen jardunaldi honen bigarren edizioa. Lehenengo edizioan, 2023ko apirilean egindakoan, parte hartu zuten Joseba Sarrionandia idazleak, Olaia Inziarte kantariak, Oihana Iguaran bertsolariak eta Mattin Irigoien antzerki idazleak.
Masterra
Euskal kulturak maila askotako desafioak bizi ditu. Hauei erantzuteko prestakuntza sendoa duten eragileak formatzea beharrezkoa da aro berri bati begira. Eragile horien prestakuntzan ekarpena egiteko sortzen da Euskal Kulturaren Eragiletzan masterra, eta eragileen harrobia prestatzea du helburu. Kultur eragileen harrobia, arlo profesionalean nahiz ez-profesionalean, bai hezkuntza arautuan edota hezkuntza araututik kanpo, tokian tokiko kultura eragiletzan edota udal eta erakunde publikoetan.
Euskal Herriko kulturaren galdegai eta problematikei heltzera dator master hau: kultur-eragin globala metabolizatzeko moduak, jarraidura eta irekidura konbinatzeko erak, gure sustraiak interpretatzeko sintesiak, hizkuntzaren lekua ulertzeko oinarriak, teknologiaren eraginak, komunitatea birsortzeko baldintzak, arte-arlo bakoitzaren desafioak…