Joan de otsailaren 26an eta 27an, Bilboko Zabalguneko Eraikinean, BasQ -Basque Quantumek antolatutako lehenengo jardunaldiak egin ziren, konputazio kuantikoak eskaintzen dituen aukerak aztertzeko helburuarekin. Euskadiko 51 enpresako 100 profesionalek baino gehiagok parte hartu zuten, eta horrek agerian utzi zuen Euskadiko enpresa-ehunak konputazio kuantikoan duen interesa. Izan ere, konputazio kuantikoak sakon eraldatuko baitu datozen urteetan sektore pribatuko zein publikoko enpresen jarduteko eta balioa sortzeko modua. Ekimen hori BasQ - Basque Quantum estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia hori Eusko Jaurlaritzak gidatzen du, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien laguntzarekin, eta Ikerbasque Fundazioak eta IBMk sinatutako akordioan jasotako jarduketen parte da.
Lehen jardunaldia enpresetako zuzendaritzako kideei eta teknologia eta berrikuntzako arduradunei zuzenduta egon zen. Bigarrenak izaera teknikoagoa izan zuen, eta IBMren ordenagailu kuantikoetarako garapen eta programazio konputazionalerako tresnaren (Qiskit) aurkezpena izan zuen ardatz.
BasQ-ren helburuak / IBMrekiko aliantza
BasQ-ren helburu nagusietako bat da Euskadi erreferentziazko ekosistema bihurtzea, teknologia kuantikoetan oinarritutako ekonomia bat eta enpresa eta negozio berriak abiarazteko plataforma bat sustatzeko.
BasQ-ren funtsezko elementuetako bat IBM-Euskadi Quantum Computational Center abiaraztea da. Akordio horri esker ikerketa kuantikoa bultzatu, talentu kuantikoa sortu, garapen ekonomikoa sustatu eta helburu horiek lortzeko behar den konputazio kuantikoko azpiegitura sortuko da. IBMrekiko aliantza estrategikoaren oinarria da Euskadin bikaintasun-gaitasunak daudela bikaintasun-zientziaren aldeko apustua bultzatzeko. Horrez gain, Euskadi konputazio kuantikoaren eta esperimentazio eta aplikazio industrialaren arloko prestakuntza-lurralde bihurtzea bilatzen du; horretarako, erabilera-kasuak garatuta.
IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoko Zentro honek azpiegitura konputazionala emango die Ikerbasque Fundazioko ikertzaileei eta haien bazkideei, ikertzaileei helburu horiek lortzen laguntzeko. Ikertzaileek programa kuantikoak exekutatu ahal izango dituzte arazo konplexuak esploratzeko, material berrien modelatzea eta konputazio kuantikoa jasangarritasun-ahalegin zabalagoen zati gisa nola erabil daitekeen barne. Lankidetza honen bidez eskura jarritako IBM Qiskit Runtime zerbitzuek IBM Quantum System One bat baliatuko dute, Donostiako Ikerbasque eraikinean hedatuko dena. Zentro berri honek Euskadiko garapen teknologikoa sustatzeko beste urrats bat dakar, konputazioaren horizonteak zabaltzeko.