Horrez gain, ingeniarigaiek oholen simulazio-ereduak egin behar izan zituzten ordenagailuz, materialak aukeratzeko, irakasleek ezarritako zehaztapenak betetzeko zenbat geruza jarri beharko zituzten jakiteko eta, azken buruan, mountainboard-ohola ahalik eta modurik jasangarrienean egiteko.
«Mountainboard bat diseinatzea eta fabrikatzea egokitu zaidan arte ez nekien zenbateko lana dagoen nire zaletasunik handienetako baten atzean. Asko ikasten da proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren bidez, eta honetaz ohartzeko balio du: kalkuluetan eta diseinuan akatsen bat eginez gero, pikutara joan daiteke zenbait egunetako lana. Kasu honetan, adibidez, guk diseinatu eta fabrikatutako oholak behar baino gehiago pisatzea eragin zuen akatsak. Horrek guztiak lanean arduratsuago bihurtzen zaitu», adierazi du Asier Arostegik, «ekoMountainboard» proiektuan parte hartu duen Mondragon Unibertsitateko Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako ikasleak.Lehenago beste proiektu batzuk ere gauzatu dituzte Mondragon Unibertsitateko Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako Graduko ikasleek Galarretako «ekocampusean», hala nola kartoizko barrualdea duen surf-ohola egitea, haize-sorgailu eramangarri txiki bat eraikitzea eta industria-prozesuetan sortutako beroa berreskuratzea. Proiektu horien bidez, etorkizun hobea irudikatzeko eta eraikitzeko prestatzen dira ikasleak. «Mondragon Unibertsitatea aitzindaria izan da ingeniaritzaren alorrean proiektuetan oinarritutako ikaskuntza erabiltzen, eta Galarretako «ekocampusean» ematen ditugun bi graduek ere ingeniaritzako gainerako graduetan erabiltzen dugun eredu arrakastatsu berari jarraitzen diote» azaldu du Nuria Herrerok, Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako (Green Manufacturing) Graduko koordinatzaileak.
Patraseko Unibertsitateko (Grezia) eta Milango Unibertsitateko (Italia) zenbait ikaslek ere hartu dute parte prototipoaren diseinuan, simulazioan eta fabrikazioan.