Unibertsitatea

ESME lehiaketako sarien banaketa

Donostiako Udalbatza Pleno Aretoan banatu ziren, apirilaren 19an, enpresa-ideiarik onenaren ESME lehiaketaren XXXIII. edizioko sariak. Ekimena Deusto Business Schooleko ESME Junior Enpresak antolatu zuen eta guztira 100 ikaslek baino gehiagok hartu zuten parte. EAEko batxilergoko lehen eta bigarren mailetako eta erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-zikloetako ikasleentzat enpresa-munduarekiko lehen harremana proposatzen zuen lehiaketak.

Lehiaketan enpresa-ideia original eta bideragarri bat proposatu behar da, eta zehaztu behar da zein negozio mota aukeratzen den, kokapena, egitura, langile kopurua, lehiakideak, negozioan abian jartzeko pausoak, finantzaketa, bideragarritasuna, etab. XXXIII. edizio horretan laguntzaile izan ziren Adegi, Donostia Sustapena, Salto System, Delta Taldea, Deusto Business School eta La Perla.
Aurtengo irabazlea “Neweyes” proiektua izan zen, Donostiako Axular Lizeoko ikasleek aurkeztua. Nora Fernandez Irazolak eta Aroa Ibeas Estebanek osatutako taldeak itsuen bizi kalitatea hobetzen duen proiektu berritzaile bat diseinatu du: aplikazio baten bidez, itsuak gainean eramango duen kamera batez baliatuz (aktibatuta edo desaktibatuta egongo da, unean uneko beharren arabera, pertsonen pribatutasuna errespetatzeko), pertsona horrek ikusi beharko lukeena ikusteko aukera ematen du eta, horrela, itsuari bidean laguntzen dio, telefono bidez dagozkion aginduak emanez.

Ekitaldian honakoak izan ziren, besteak beste: Eneko Goia (Donostiako alkatea), Paul Lizeaga (Adegiko zuzendari nagusiaren ondokoa) eta Jon Mikel Zabala (Deusto Business Schooleko irakasle eta ikertzailea). ESME Junior Enpresako arduradunek aurkeztutako proiektuen maila handia nabarmendu zuten eta, batez ere, ikasleek azken hilabeteetan zehar egin zuten ahalegin eta ilusio handia. Lehiaketan parte hartu zuten ikastetxeetako orientatzaileei, babesleei eta Fakultateko irakasleei eskerrak eman zizkieten, azken horiek aukera eman baitzieten ikasleei eskolak eta lehiaketa bateratzeko.

Finalistek La Perlako zirkuitu terma baterako sarrera jaso zuten eta hiru talde onenek 600 euroko sariak banatu zituzten. Gainera, Deustuko Unibertsitateak irabazleei beka bat eman zien, etorkizunean Deusto Business Schoolen ikastea erabakitzen badute.

ESME Junior Enpresa irabazi asmorik gabeko elkartea da, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Komunikazioko ikasleek sortu, kudeatu eta zuzentzen dutena. Duela 30 urte sortu zenetik, aholkularitza eskaintzen du, Espainiako enpresa zientzietako fakultaterik ospetsuenetako batean eskuratutako gaitasun eta jakiteen bermearekin. Junior Enpresa sortzeko ideia Fakultateko irakasle batek proposatu zuen: Javier Minerrek entzuna zuen Frantzian Junior mugimendu bat hasia zela eta Espainiara zabaltzen ari zela. 1988an sortu ondoren, ESME aholkularitza esparruan hasi zen. Jarduera horren barruan, ESME gai da ikasleak Fakultatean ikasten ari diren gaien inguruko lanak egiteko.