Unibertsitatea

Eskaintza akademiko berria MUn (III)

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gradu-aipamen berriak izango ditu, bai eta hezkuntza, humanitate eta kooperatibismo arloetako profesionalentzako programa berri bat ere.

Humanitate Digital Globalak (HDG) Graduak bi ibilbide jarriko ditu abian: Digital Humanities eta Global Studies. Lehenbiziko ibilbideak Chief Digital Officer eta halako esparruetan lan egiteko prestatuko ditu ikasleak. Ildo horretan, herritartasuna, gobernu digitala edo partaidetza-prozesuak sustatuko ditu, eta, neuromarketineko eta publizitate digitaleko enpresak ez ezik, produktu adimendunen diseinua ere landuko du. Bigarren ibilbidean, enpresa eta erakunde globaletan aholkulari, aditu, dinamizatzaile edo bitartekari izateko prestakuntza emango zaie ikasleei. Bereziki, lau esparrutan lan egin ahal izango dute: diplomazia politikoa, diplomazia ekonomikoa, lankidetza eta, laugarrenik, esparru linguistikoak, kulturalak eta multikulturalak.

Bestalde, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetan, bi aipamen berri eskainiko dira modalitate erdipresentzialean: Entzumena eta Hizkuntza eta Psikomotrizitatea. Bi aipamen horiek 2023ko urtarrilean hasiko dira ematen. Aipamenak curriculum-zabalkuntzak dira: kualifikazio handiagoa ematen dute eta oso balorazio positiboa jasotzen dute ikastetxeetan.

Profesionalei zuzendutako prestakuntza-eskaintzari dagokionez, Berrikuntza eta Kudeaketa Kooperatibismoan aditu-ikastaroaren lehen edizioa eskainiko da. 500 orduko ikastaro horrek urtebete iraungo du, eta batez ere kudeaketa ekonomikoan zein sozialean berrikuntza sustatu nahi duten kooperatibei eta gizarte-ekonomiako erakundeei zuzenduta egongo da.

Informazio gehiago:

www.mondragon.edu