Mondragon Unibertsitateak areagotu egingo du eskaintza, eta 18 titulu berri eskainiko ditu 2022/2023 ikasturtean -gradu berri bat, bost master berri, sei aditu-ikastaro, espezializazio-ikastaro bat, programa exekutibo bat eta lau aipamen eta ibilbide berri-, unibertsitateak dituen zortzi jakintza-arloetan -ingeniaritza, enpresa-kudeaketa, ekintzailetza, hezkuntza, komunikazioa, humanitateak, kooperatibismoa eta gastronomia-. Helburu bakarrarekin zabalduko du eskaintza: gizartean gertatutako aldaketen ondorioz sorturiko beharrizanei erantzutea eta premia horiekin bat datozen lanpostuak prestakuntza berrien bidez estaltzea.
Eskaintza berri horri unibertsitateak ikasturte akademiko honetan eman duenari gaineratu behar zaio. Guztien artetik, 18 gradu-titulu, 19 unibertsitate-master eta lau doktorego-programa nabarmentzen dira, baita zortzi jakintza-arlo horietako graduondokoak, berezko tituluak eta aditu-ikastaroak ere.
Goi Eskola Politeknikoa
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak gradu berri batekin hasiko du 22/23 ikasturtea: Industriari Aplikatutako Ingeniaritza Fisikoa. Era berean, bi unibertsitate-master eta master profesional bat ere eskainiko ditu berritasun gisa, besteak beste.
Industriari Aplikatutako Ingeniaritza Fisikoko Graduan, ikasleek oinarri sendoa lortuko dute matematikan, fisika aurreratuan eta programazioan, eta jakintza hori ingeniaritzako hainbat arlotan aplikatu ahalko dute, hala nola robotikan, ikusmen artifizialean, makina elektrikoetan, adimen artifizialean edo konputazio kuantikoan. Prestakuntza zientifiko aplikatu horri esker, industriarako soluzioak garatzen eta modelizatzen parte hartu ahal izango dute, guztia ere ikuspegi multifisikoarekin, azken belaunaldiko tresna konputazionalen bidez lagunduta.
Energia Sistema Adimendunen Unibertsitate Masterra gaztelaniaz eta ingelesez emango da irailetik aurrera, Hernaniko Orona Ideo Campusean. Urte eta erdi iraungo du, eta formatu presentzialean izango da. Master horren helburua da trantsizio energetikoaren ondorioz sorturiko erronka berriei soluzioa topatzea, eta, horretarako, energia-sistemei buruzko ezagutzan sakonduko du: energia-komunitateak, mugikortasun elektrikoa, industria, eta parke eolikoak edo fotovoltaikoak. Ikasleek zerbitzu berritzaileen diseinua landuko dute, eta, ildo horretan, hainbat aplikaziotako ereduak, simulazioak eta datuen analisia baliatuko dituzte. Profil horrek aplikazio-ingeniari baten eta datu-analista baten gaitasunak konbinatzen ditu. Batez ere ingeniaritzako tituludunei dago zuzenduta.
Operazio Logistiko eta Produktiboen Zuzendaritzako Unibertsitate Masterra. Titulu berri hori Mondragon Unibertsitatearen Arrasateko Campusean emango da, urte eta erdi iraungo du, eta aurrez aurre izango da, gaztelaniaz eta ingelesez. Master aitzindaria da Euskadin, zuzendaritza logistiko eta produktibo jasangarrien eta bikainaren esparruan. Hornikuntza-kate bikainak, efizienteak eta balio erantsi handikoak garatzeko eta kudeatzeko gai diren profesionalak trebatzeko diseinatu da unibertsitate-master hori, bezeroen beharrak asetzeko gai izan daitezen. Testuinguru ekonomiko berrian enpresek aurrez aurre dituzten funtsezko erronkei erantzutera bideratuta dago: ekoizpen-baliabideen ahalik eta efizientzia handiena lortzea modu jasangarrian, eta erakunde eta enpresa industrialei eskatzen zaizkien informazio- eta komunikazio-teknologia berriak (IKT) txertatzea, pertsonak ardatz dituen fabrikazioa sustatuz.
Profesionalentzako Osasun Adimen Artifiziala eta Silver Economy Masterra datorren urritik uztailera bitartean eskainiko da Urduliz Dorrean. Datu-analista profila eskuratzeko interesa duten osasun-sektoreko profesionalei zuzendurik dago, eta, bereziki, datuen analisia jorratuko du, biztanleriaren zahartzearen ondorioz sortutako ekosistema teknologiko eta soziosanitarioarekin loturik.
Masterrak datu soziosanitarioak eskuratzearen, biltegiratzearen, prozesatzearen, aztertzearen eta kudeatzearen alorreko trebakuntza eskainiko du, eta, horretarako, adimen artifizialak eta Big Datak eskaintzen dituzten erremintak baliatuko dira, Silver Economy edo zilarrezko ekonomiaren alorreko jakintza areagotzeko eta erabaki hobeak hartzeko.
Horretaz gainera, Goi Eskola Politeknikoak profesionalei zuzendutako bi ikastaro aditu berri izango ditu: batetik, Metalen Fabrikazio Gehigarri Industriala eta, bestetik, Plastiko eta Konpositeen Fabrikazio Gehigarri Industriala.
Informazio gehiago:
www.mondragon.edu