Deustuko Unibertsitateak Antxieta eraikin berria inauguratu zuen martxoaren 16an Donostiako campusean. Lehengo Eraikin Nagusiko zati bat guztiz eraberrituta, lanerako eta zerbitzuetarako espazio berriak sortu dira bertan. Eraikinari José de Anchieta (1534-1597) euskal jatorriko jesuita kanariarraren izena eman zaio, Brasilgo ebanjelizatzailea, inkulturazioaren adibidea eta pertsonen duintasunaren defendatzailea. Inaugurazio ekitaldian esparru akademiko, politiko eta erlijiosoko hainbat ordezkari izan ziren, besteak beste Fernando Prado, Donostiako gotzaina; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Tomás González, Brasilgo ohorezko kontsula; Francisco Javier López Aríztegui SJ, Deustuko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluko burua; José María Guibert Ucín SJ, Deustuko Unibertsitateko errektorea eta José Mª Etxeberria SJ, Deustuko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluko idazkaria.
Antxieta eraikina, 3.000 m2 eta hiru solairu dituena, 2021eko uztailean Larramendi Eraikinaren (12.000 m2) inaugurazioa ekarri zuen campusaren handitze handiaren osagarri da eta jakintza arlo berrietako kalitatezko irakaskuntza eta ikerketa indartzen ditu, Ingeniaritza, Zuzenbidea, Osasun Zientziak, Hezkuntza eta Kirolean, zehazki. Gainera, azpiegitura berriak nazioartekotzearen aldeko apustua ere indartu du, bertan kokatu baita campuseko Nazioarteko Harremanetarako Bulego berria. Otoitzerako kapera ere bertan dago, unibertsitateko elkarte osoaren beharrei erantzuteko.
Deustuko Unibertsitateak, Donostiako campuseko instalazioak hobetzeko asmoz, lehengo Eraikin Nagusiaren zati bat eraberritzeko lanei ekin zien 2021-22 eta 2022-23 ikasturteetan. Lanak amaituta, Antxieta Eraikina izango da aurrerantzean espazio hori. Eraikina Miguel de Oriolek proiektatu zuen 1964an, eta Donostiako Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babesteko Plan Bereziaren (HEOBPB) barruan dago, C mailako eraikinen artean. Hori dela eta, egindako lanek kanpoko itxura errespetatu dute, bai fatxadaren estetika eta bai bertako baoak. Eta barneko espazioak birbanatu dira, eraikitako azalera hobeto aprobetxatzeko, isolamendu termikoa hobetzeko eta eremu horretako instalazioak guztiz berritzeko.
Ekitaldian, Deustuko Unibertsitateko errektoreak José de Anchieta SJ santuaren marrazki originala oparitu zion Brasilgo ohorezko kontsulari, Edurne Gorrotxategi euskal artistak egina. Marrazkia 1960az geroztik bere jaioterrian, San Cristobal de la Lagunan, jesuita omentzeko Bruno Giorgirk egin zuen estatuan oinarrituta dago. Marrazki hori bera eta hiru hizkuntzatako aipamen biografiko bat inprimatu da horman ere. Horrek emango die ongietorria, gaurtik aurrera, Antxieta eraikineko atondo nagusira iristen diren guztiei.