Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) kide duen Unibertsitateen G-9 Taldeak epea ireki du graduko ikasleentzako Prestakuntza Plan berrian izena emateko. Plan berriaren eskaintza akademikoa 27 ikastarok osatzen dute (osotara 39 ECTS), eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lotutako gaiak lantzen dituzte. Orobat prestakuntza osagarriko kreditu gisa (unibertsitate-hedadura) aitortzen ahalko dira graduko ikasketa ofizialen barruan.
Izena emateko prozesua zabalik egongo da ekainaren 9ko 14:00etara arte https://www.uni-g9.net/ webgunearen bidez, dagokion inprimakia beteta.
Planaren eskaintzari esker G-9 Taldeko unibertsitateetako graduko ikasleek “online” prestakuntza egiten ahalko dute GJHen inguruko gai hauekin: genero-berdintasuna (5), desberdintasunak murriztea (10), klimaren eta bakearen aldeko ekintza (13), justizia eta erakunde sendoak (16), besteak beste.
Prestakuntza-plana graduko ikasleentzat
Lehen edizio honetan, 27 ikastaro zuzentzen zaizkie G-9 Taldeko kide diren unibertsitate publikoetako graduko ikasleei. 810 ikaspostu eskaintzen dira, eta ikasleak zozketa bidez onartuko dira. Ikasle bakoitzak gehienez bi ikastarotan izen emateko aukera izanen du. “Online” modalitatean emanen dira 2024-2025 ikasturtean eta matrikula doakoa da.
NUPeko katedradun eta G-9 Taldeko Unibertsitateen Campus Digital Partekatuko zuzendari David Benito Pertusaren hitzetan, “Garapen Jasangarrirako Helburuei buruzko prestakuntza-plan berri hau bereziki zuzenduta dago beren prestakuntza akademikoa etorkizunerako funtsezkoak diren ezagutzekin osatu nahi duten graduko ikasleei”. “Planak hainbat ikastaro eskaintzen ditu praktika eta teoria uztartzen dituztenak gure garaiko erronka globalei aurre egiteko", azaldu du zuzendariak.
Orobat “ikasleek aukera izanen dute berebiziko garrantzia duten gaietan murgiltzeko, hala nola biodibertsitatearen kontserbazioa, klima-arriskuen ebaluazioa eta inklusio soziala". “Arlo kritikoak ere landuko dira, hala nola genero-berdintasuna eta ekonomia zirkularra, bidezko gizartea eta ekonomia jasangarria garatzeko funtsezkoak”, nabarmendu du.
Zer onura aterako dute ikasleek? Honela erantzuten dio Benitok galdera horri: “Prestakuntza-planari esker ikasleek ikuspegi holistikoa eta hainbat sektoretan aplikatzen ahal dituzten tresnak bereganatzen dituzte. Zenbait gaitan sakonduz, hala nola ingurumen-jasangarritasuna eta finantza etikoak, ikasleek curriculuma aberasteaz gain lan merkatuak eta munduak behar duten aldaketa bideratuko dute”.
Azkenik, “prestakuntza-plana diseinatuta dago profesionalen hurrengo belaunaldia inspiratzeko eta gaitzeko, eta ezagutzaz gainera etorkizuneko ibilbide profesionaletan garapen jasangarrirako ekimenen buru izateko grina erakutsiko die”. “Gonbidapen irekia da graduko ikasleek bat egin dezaten eta guztiontzako etorkizun jasangarriagoa eraikitzeko konpromisoa duen komunitateko kide bihur daitezen”, azaldu du David Benitok.
Unibertsitateen G-9 Taldea
Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea eta Murtziako Unibertsitatea, zeina entitate laguntzailea baita.