Beste Berriak

Epea irekita euskal LHn izena emateko

Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordeak, Nicolás Sagarzazu Plangintza eta Antolaketako zuzendariarekin batera, maiatzaren 8an egindako prentsaurrekoan, 2023-2024 ikasturterako Euskadiko Lanbide Heziketarako matrikulazio-kanpainaren xehetasunak eman zituen. Matrikulazioa zabalik dago maiatzaren 26ra bitartean (egun hori barne). Euskadiko Lanbide Heziketak datorren ikasturtean 58.910 plaza eskainiko ditu, hau da, 2022-2023 ikasturte honetan baino 3.920 plaza gehiago. Horrek % 11,47ko igoera esan nahi du, ikasturte honekiko.

Ia 4.000 plaza gehiago

2023-2024 ikasturtean sortuko diren 3.930 plaza berri horietako gehienak Goi Mailako Heziketa Zikloetan sortu dira. Honela banatzen dira, mailen arabera, plaza berri horiek:

  • 465 plaza berri Oinarrizko Mailako Heziketa Zikloetan.
  • ​875 plaza berri Erdi Mailako Heziketa Zikloetan.
  • 840 plaza berri Goi Mailako Heziketa Zikloetan.
  • 740 plaza berri espezializazio-ikastaroetan, datorren ikasturtean beste 9 espezializazio-ikastaro eskainiko baitira.

Euskadik Lanbide Heziketaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta eskaintza globala 59.910 plazakoa da 2023-2024 ikasturterako, honela banatuta: 5.970 plaza Oinarrizko Mailako Heziketa Zikloetan; 21.000 plaza Erdi Mailako Heziketa Zikloetan; 30.500 plaza Goi Mailako Heziketa Zikloetan, eta 1.000 eskaintza partzialean. Gainera, horien guztien artean 1.440 plaza espezializazio-ikastaroetan izango dira: bikoiztu egiten da 2022-2023 ikasturte honetako eskaintza, beste 9 espezializazio-ikastaro jarri baitira abian.

Espezializazio-ikastaroek urtebeteko iraupena dute, eta jada Erdi Mailako edo Goi Mailako Heziketa Ziklo bat amaitu duten ikasleei zuzentzen zaizkie, ikasi dutena zikloarekin zerikusia duen arlo jakin batean espezializatu daitezen. Euskadiko Lanbide Heziketak datorren 2023-2024 ikasturterako guztira 20 espezializazio-ikastaro eskainiko ditu; horietako 9 berriak izango dira.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitatearen arteko lotura-bideak

Hezkuntza Sailak berriro ere azpimarratu nahi du gainditu beharrekoa dela Lanbide Heziketa edo unibertsitatea, bata edo bestearen artean aukeratu beharreko dikotomia klasikoa. Garai berriek eta produkzio-sarearen premiek behar-beharrezkoa egiten dute ikuspegi hori aldatzea eta bi ikasketak elkarren osagarri gisa planteatzea. Hori dela eta, Hezkuntza Sailak, euskal unibertsitateekin elkarlanean, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitatearen arteko lotura-bideak (edo pasabideak) bultzatzen ditu. Lotura-bide horiei esker, Goi Mailako Heziketa Ziklo bat egin duten ikasleei unibertsitate-kreditu kopuru jakin bat aitortzen zaie, betiere aukeratutako unibertsitate-graduaren eta ikasitako Lanbide Heziketako zikloaren arteko kidetasunaren arabera.

2023-2024 ikasturteko matrikulazioa

Lanbide Heziketan eskolaratu nahi duten ikasle berriek gaurtik, maiatzaren 8tik aurrera 2023-2024 ikasturtean eskolaratzeko eskaera aurkeztu ahal izango dute. Epea maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik, egun hori barne.

Eskaerak aurkezteko bi bide izango dituzte: on line edo aurrez aurre Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan.