Beste Berriak

Bildarratz sailburuaren eta Kataluniako Gonzàlez-Cambray kontseilariaren arteko bilera (I)

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Kataluniako Hezkuntza kontseilaria hartu du Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Eguerdiko 12ak pasatxoan, Josep Gonzàlez-Cambray eta Kataluniako Gobernuko gainerako ordezkariekin elkartu da Jokin Bildarratz sailburua.

Bilera bi arduradunek hezkuntza arloko gaien inguruko azterketa partekatzeko erakutsi zuten interesaren ondoren burutu da. 2021eko abuztuan izan zuten bi sailburuek lehen harremana Bartzelonan. Bertan, hezkuntza-arloko esperientziak eta bi gobernuentzako funtsezko diren proiektuak trukatu ahal izan zituzten. Gaurko bilera honetan, Eusko Jaurlaritzatik Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak eta Jose Ignacio Bañuelos Kabinete zuzendariak hartu dute parte, Bildarratz sailburuarekin batera. Gonzàlez-Cambray kontseilariarekin batera, Patrícia Gomà Hezkuntzako idazkari nagusia, Nuria Mora Hezkuntza Eraldaketarako idazkaria eta Gemma Espanyol kontseilariaren kabineteko zuzendaria izan dira.

Bileran, hezkuntza eremuarekin lotutako hainbat alderdiri buruzko beren ikuspegia azaldu dute bi ordezkariek, baina sakonen jorratu diren gaiak honako hauek izan dira: eskola-segregazioaren aurkako politikak eta Lanbide Heziketa.

Konpromiso partekatua

Hezkuntza sistema osoan ikasle zaurgarrien eskolatze orekatua lortzeko Eusko Jaurlaritza garatzen ari den lan-ildoak azaldu dizkio Bildarratz sailburuak Gonzàlez Cambrayri. Eusko Legebiltzarraren gehiengo handi baten babesarekin dagoeneko garatzen ari diren neurriak aurkeztu ditu Bildarratzek, baita epe laburrean ezarriko direnak ere. Horien artean, datorren ikasturterako onarpen-araudia aldatu izanaren garrantzia nabarmendu du. Neurri horien helburua da eragin-eremu berean funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztiek ikasle zaurgarrien ehuneko bera eskolatzea.

Ildo horretan, Katalunian bizitako esperientzia arretaz aztertzeak izan duen garrantzia nabarmendu du Bildarratzek, baita Xavier Bonal Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleak Eusko Jaurlaritzarekin izan duen lankidetza ere, Kataluniako EskolaSegregazioaren aurkako Itunaren bultzatzaile izan baita ikertzaile hau.