Uniemakume

Emakunde Saria Mariasun Landarentzat (I)

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariarekin batera, Berdintasunerako Emakunde Saria eman dio Mariasun Landa Etxebeste idazleari, neskato, nerabe eta emakumeen berdintasun eta duintasunari egindako ekarpen sortzaileagatik.

Lehendakariak eskerrak eman nahi izan zizkion Mariasun Landari ekitaldi berezi batean, joan den otsailaren 6an, bereziki, haurrei eta gazteei zuzendutako bere obragatik, haren bidez aukera ematen dielako "mundua ezagutu duten bezala zalantzan jartzeko, galdera berriak egiteko, balioak eta bizi-ereduak transmititzeko".

Urkulluk azpimarratu zuen beharrezkoa dela "eredu berdinzaleak izatea fikzioan eta bizitzan, mundu hobea, bidezkoagoa, bizigarriagoa eta berdintasunezkoagoa irudikatzeko gai diren emakumeak eta gizonak". Etorkizunera begirako proiekzio horretan kokatu zuen Lehendakariak Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategia. "Herrialde honek 2030. urteari begira berdintasunaren eremuan iritsi nahi dituen 11 jomuga zehatz zehazten dira. Aurrekontuekin, enpleguarekin, soldata berdintasunarekin, emakumeen aurkako indarkeriarekin, prestakuntzarekin edo berdintasunean heztearekin zerikusia duten xedeak, besteak beste", zehaztu zuen Urkulluk.

Ildo horretan, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gogorarazi zuen Emakunde Sariak hiru hamarkada baino gehiago daramatzala hainbat pertsona, erakunde eta elkartek berdintasunaren alde egindako lana ikusarazten eta baloratzen.

Mariasun Landaren kasuan, literaturaren alorrean egindako lanaz gain, sarituaren ibilbide bikaina goraipatu zuen sailburuak. "Gaur idazle batek bere literatur ekoizpenaren bidez egindako ekarpenaz gain, emakume batek bere militantzia feministaren bidez gizarteari egindako ekarpena, euskararekiko, irakaskuntzarekiko eta beste dibulgazio-lan batzuekiko konpromisoaren bidez egindako ekarpena ere saritzen ditugu".

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak epaimahaiaren argudioak gogorarazi zituen Mariasun Landari saria emateko aho batez hartutako erabakian. "Aitzindaria izan da haur-literatura modernoan, emakumeen mundua ulertzeko modu berri bat islatzen duelako. Neska eta nerabeen pertsonaia ausartak eta autonomoak eraiki ditu, sentiberak baina ausartak; mundua ikuspegi harrituarekin baina jarrera kritikoarekin begiratzen duten neskak ".

Elgarrestak gogorarazi zuenez, Mariasun Landari emandako Emakunde Sariarekin, "fikziozko munduak eraikitzen dituzten sortzaileen ekarpena" ere aitortu nahi da, "bestelako mundu bat, berdintasunezkoagoa, irudikatzeko aukera ematen digutelako". Beren sorkuntza-prozesua gizarte-eraldaketarako tresnatzat jo zuen.