Unibertsitatea

Eliteko kirolariak eta unibertsitatearen enbaxadoreak (I)

Arabako Campusak ekitaldi bat antolatu zuen egiaztatutako errendimendu altuko ikasle kirolarien kirol- jarduera aitortzeko, baina baita haien Euskal Herriko Unibertsitateko jardun akademikoa eta UPV/EHU markaren enbaxadore gisa duten konpromisoa aitortzeko ere. Manoli Igartua Arabako Campuseko errektoreordea eta Víctor Manuel Amado Kulturaren eta Kirolen arloko zuzendaria izan ziren ekitaldian.
 
Ikasturte honetan, berrogeita hamar ikasle baino gehiago daude egiaztatuta Arabako Campuseko Tutoretza Planean. Campuseko hainbat ikastegitan ikasten dute, eta askotariko kirol-modalitateetan aritzen dira: futbola, saskibaloia, atletismoa, txirrindularitza, pilotaren hainbat modalitate, errugbia edo neguko kirolak, besteak beste. Arte martzialean edo modalitate minoritarioagoetan (curlinga, hipika, eskalada edo mahai-tenis egokitua) egiaztatutako kirolariak ere badira. Horiek guztiek Estatuko eta nazioarteko txapelketetan parte hartzen dute.
 
“Zalantzarik gabe, adibide inspiratzailea zarete, ahaleginaren eta diziplinaren bidez gure helburuak lor ditzakegula erakusten baitiguzue, bai kirol arloan, bai arlo akademikoan”, esan zien Manoli Igartuak. 
 
Protagonista batzuk
  • Izena: Kristian Labaka.
  • Kirola: Halterofilia.
  • Ikasten ari dena: Lehen Hezkuntzako Gradua.
  • Kirol curriculuma: 2023an Espainiako Unibertsitate Txapelketan eta Junior Txapelketan parte hartu zuen, -67kg kategorian. Aurtengo Espainiako Unibertsitate Txapelketan urrezko domina lortu du, bere kategorian.
  • Hurrengo kirol erronka: Euskadiko txapelketa absolutuan marka ona egitea. Maiatzaren 4ean egingo dute txapelketa, Barakaldon. Ekainean egingo den Espainiako txapelketa absolutuan guztizko olinpiko (bi mugimenduen batura) hobearekin izena emateko balioko dit emaitza horrek.
 
Nola daramazu ikasketak eta kirola uztartzea?
"Oraingoz ongi daramat. Ongi antolatzea da garrantzitsuena, eta hala bi zereginak uztartu ditzaket. Gainera, txapelketak ostiralean, larunbatean edo igandean izan ohi dira. Hortaz, ez dut eskola askorik galtzen".
  • Izena: Naia Bilbao.
  • Kirola: Karatea.
  • Ikasten ari dena: Filologia Hispanikoko lehenengo urtea.
  • Kirol curriculuma: 5 urte zituenetik praktikatzen du karatea. Ordutik, munduko hirugarrena izan da taldekako katan, Europako hirugarrena taldekako katan, munduko ligako txapeldunordea, 21 urtetik beherakoen liga nazionaleko txapelduna, 21 urtetik beherakoen arteko Espainiako txapeldunordea, Euskadiko txapelduna 7 aldiz jarraian eta Espainiako Kopako txapelduna, besteak beste.
  • Hurrengo kirol erronka: Espainiako Unibertsitate Txapelketa.