EGOkITU udako campusa Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusak garatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, eta udaran irekiko ditu ateak. Udako campusak arrakasta handia izan du edizioz edizio, eta 15 eta 17 urte bitarteko gazteak unibertsitate-mundura eta, ondorioz, enpresa-mundura modu ludikoan hurbiltzea du helburu.
“Aurten ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak gazteen talentua sustatzeko konpromisoa agertu du, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan. Dagoeneko sei dira EGOkITU programaren edizioak, Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak lagunduta. Gainera, azken edizioetan urtero 15 eta 17 urte bitarteko 200 gaztek parte hartzeak elkarlan horren eraginaren berri ematen digu”, azpimarratu du Aimar Insausti Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko Ekintzailetzaren eta Transferentziaren arloko zuzendariak.
Azken edizioan bezala, aurten ere EGOkITUk 9 ikastaro eskainiko ditu UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko hainbat ikastegietan. Horrela, parte-hartzaileek jarduera teknologikoak, sanitarioak edo sozialak aukeratu ahal izango dituzte unibertsitatea eta bertako irakasle ikertzaileak gertutik ezagutzeko. "Eskaintzen diren ikastegiak errepikatu arren, kasu askotan programatutako jarduerak aldatu egin dira unibertsitate-ikasketak gazteei modu ludikoan aurkezten jarraitzeko asmoz. Horregatik uste dut garrantzitsua dela edizio honetako web orria kontsultatzea Programa hau zehazki zer den jakiteko".
"Edizio honetan -dio Aimar Insaustik-, martxoan ireki nahi izan ditugu izen-emateak, eta Aste Santua baino lehen hainbat talde betetzea aurreikusten dugu. Iaz ezustekoa izan zen talde batzuk aste bakar batean osatu zirela ikustea, behin izena emanda. Horregatik, EGOkITUri buruzko informazioa bidali diegu lurraldeko ikastetxeei eta Lanbide Heziketako ikastetxeei. Ez dugu inor kanpoan geratzea nahi, informazioa garaiz jaso ez duelako".
Izen-ematea
EGOkITU programa 2007 eta 2009 urteen artean jaiotako pertsonei zuzenduta dago. Bi txanda antolatu dira: ekainaren 24tik 28ra eta uztailaren 1tik 5era. Aste bat edo bi aste aukeratu daitezke, 9:30etik 14:00etara (campuseko jantokiak irekita egongo dira programa garatzen den egunetan). Izena emateko epea 2024ko martxoaren 11ean ireki eta maiatzaren 24an amaituko da. Plazak hurrenkeraren arabera esleituko dira.
Informazio gehiago eta izena ematea:
www.ehu.eus/eu/web/gipuzkoa/egokitu