Uniozio

Poltsiko Antzerkiaren edizio berria maiatzaren 2tik 19ra egin zen Donostiako hainbat aretotan (I)

Ikuslego finkoa duen ekimena da eta urtero jarraitzaile gehiago ditu. Formatu txikiko ikuskizunen askotariko proposamenek osatzen dute eskaintza non hiriko antzerki-programazioan bakarlariak, magoak, mentalistak eta antzezlanak izango diren. Aurreko urtean 2 estreinaldi egon baziren ere, aurtengo edizioan 5 estreinaldi izan ziren ikusgai.

Jaialdi honen xede nagusia da barietate antzerkia zabaltzea hiriko auzo guztietara, bai haren ohiko jarraitzaileei, baita tradiziozko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoari ere. 

Poltsiko Antzerki Jaialdiaren bereizgarria da antzezpenetarako oso ohikoak ez diren agertokietan saioak programatzea. Alabaina, agertoki horiek publikoarengandik hurbil dauden espazioak eta lekuak dira (adibidez, tabernak), eta ideia eta formatu berriekin esperimentatzeko bidea ematen dute.

Jaialdia kultur etxeen sarearen eguneroko lanaren adibide argia da, hiriko kultur programazioei bestelako begirada ematen dietena, herritarrengandik hurbil dauden ekipamenduak baitira.

Poltsiko Sorkuntza saria
Edizio honetan ere Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdiko irabazleak hartu zuen parte. Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdia Donostia Kulturak antolatzen du, Euskara Zerbitzuarekin eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan.

Jasotako proiektuen artean, F taldearen 'Promesa berdina egin diegu lagun guztiei antzezlana' izan zen irabazlea. Maite Aizpuruaren zuzendaritzapean, artista desberdinak elkartu dira proiektu honen lantaldean. 

Finalista izan den beste obra Maider Diaz eta Xabin Fernandezen, Famiglia antzezlana izan zen.

Ekimen honen xedea, Poltsiko Antzerkiaren eta, oro har, formatu txikiko ikuskizunen esparruan dagoen euskarazko eskaintza indartzea, eta bi bide batez, sorkuntza bultzatzea da.

Programazioa
Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiak programa zabala eskaintzen du edizio berri honetan, umorea, kabareta, magia, mentalismoa, bakarrizketak, musika... izan ziren, hain zuzen, jaialdi honen osagai nagusiak.

Betiko moduan, bi hizkuntza ofizialen erabilera eta emakumeen presentzia nahiko parekatuak izatea lortu zen. Guztira, 14 konpainiek euren ikuskizunak eskaini zituzten 32 emanaldietan eta horietatik 16 euskaraz izan ziren eta 16 gazteleraz. Emanaldiak hiriko 25 espaziotan banatu ziren.

Tartean hainbat estreinaldi izan ziren: aipatutako Antzerki Sorkuntzako F taldearen Promesa berdina egin diegu lagun guztiei lan irabazlea eta Maider Díaz y Xabin Fernándezen Famiglia. Era berean, Tessa Andonegi y Ainhoa Ayerberek Desorduetan estreinatu zuten, Maitetxu Miak Hau da hau Euskandaloa! eta Andoni Mutiloaren Gora Poltsiko antzerkia! 

Jaialdiko azken ostiralean Convent Gardeneko kriptan egin zen festan, The Chanclettes & La Mega Pubillaren La Santa Fiesta, umorez, musikaz eta probokazioz betetako ikuskizuna, eta Andoni Mutiloaren Gora Poltsiko Antzerkia! kabaretaren estreinaldia izan ziren.