- Ulrich Seidl austriarraren (Viena, 1952) aurreko zenbait lan jada eman izan dira Zinemaldiaren atzerabegirakoetan eta beste sail batzuetan -hala nola Zabaltegi-Tabakaleran-, eta aurten lehiaketa ofizialean hartuko du parte, lehendabizikoz, Spartafilmarekin; Berlingo azken zinema-jaialdian estreinatutako Rimini (2022) filmarekin hasitako diptikoa burutzen du zuzendariaren film berriak. Horrela, Spartako pertsonaia nagusia Riminiko protagonistaren -porrot egin duen abeslari baten- anaia da.
- Petr Václav (Praga, 1967) txekiarrak jada hartu zuen parte New Directors sailean Paralelní svety / Parallel Worlds (2001) lanarekin, eta Donostian izango dugu aurten ere, oraingo honetan, Sail Ofizialean. Txekiarraren film luze berria, Il Boemo, drama biografiko bat da, eta Josef Myslivecek du ardatz, 1770eko hamarkadako opera italiarreko konposatzaile emankorrenetakoa izan zen musikagilea, hain zuzen.
- Titulu horiez gain, Espainian ekoitzitako lau film ere lehiatu ziren Sail Ofizialean: Fernando Francoren La consagración de la primavera; Mikel Gurrearen Suro; Pilar Palomeroren La maternal, eta Jaime Rosalesen Girasoles silvestres.
Lehiaketatik kanpo
Gainera, lehiaketatik kanpo, La (très) grande évasion / Tax Me If You Can filmaren emanaldi berezia eskaini zen. Ekoizpen frantziar horretan, Yannick Kergoatek (Le Raincy, 1962) ihes fiskalaren zirkuituak arakatzen ditu, eskala handiko iruzurraren mekanismoak argitzeaz gain.
Dokumental horrekin bat egin zuten Isabel Coixeten El sostre groc ez-fikziozko lanak (aurtengo edizioko beste emanaldi berezia izango da) eta Apagón Movistar Plus+en telesailak; zehazki, Apagón lehiaketatik kanpo programatuta zegoen eta Rodrigo Sorogoyenek, Raúl Arevalok, Isa Campok, Alberto Rodríguezek eta Isaki Lacuestak zuzendutako bost kapituluk osatzen zuten. Gainera, Alberto Rodríguezen Modelo 77 filmak inauguratu zuen Zinemaldia lehiaketatik kanpo.