Uniozio

Donostiako 59. Jazzaldiko programazioa aurkeztuta (I)

Keler Gunea, Zurriolako hondartza zoragarrian kokatua, berriro ere, Jazzaldiko gunerik heterogeneoena eta jendetsuena izango da. Uztailaren 24tik 27ra zortzi kontzertu eskainiko dira dohainik, horietako bostetan emakumeak buru izanik. Talde euskaldunak, estatubatuarrak eta afrikarrak arituko dira bertan, eta askotariko estiloak entzungo dira, besteak beste Estatu Batuetako hegoaldeko rocka, popa, musika urbanoa, teknoa, sustrai-musikak, bluesa eta indiea.

Blues Garaikideko Album Onenaren Grammy saria irabazi berri duten Lovell ahizpak, beren Larkin Poe taldearekin batera, Keler Gunean arituko dira uztailaren 24an, Zurriolako hondartzan. Blood Harmony albuma Estatu Batuetako hegoaldeak bereizgarri dituen musiken bilduma zoragarria da: bluesa, gospela, bluegrassa edo, besterik gabe, hegoaldeko rocka. Berealdiko zuzenekoetan gorputz eta arima aritzeagatik eta gitarra eta ahotsen birtuosismoagatik bereizten da Larkin Poe.

Agertoki berean, aurretik, gure hirian maiteen dugun artistetako bat izango da, Izaro. Aukera paregabea Cerodenero gozatzeko, artista kontsolidatu honek, aldi berean eboluzio betean dagoen honek, kaleratutako azken albuma. Abeslari zoragarri honek mundu propio bat du, eta hasieratik erakutsi ditu aparteko sentsibilitatea eta ezohiko nortasuna.

Egun horretan bertan, uztailaren 24an, beste lau kontzertu izango dira Kursaaleko terrazetan, oso bestelakoak elkarren artean eta, horrexegatik, erakargarriak. Hauek dira: BIGYUKI teklista eta Tomoaki Baba saxofonista japoniarrak; Marcin Masecki pianista poloniarra; Lakecia Benjamin saxofonista amerikarra; Eddie Henderson tronpetista handia, boskotean, Steve Davis tronbonistarekin, eta azkenik, Carolina Katum artista mexikarra, Akitanian ezarria.

Uztailaren 25ean, osteguna, Keler Gunean, agertoki honetan tokiko musika-eskaintza bikaina duen edizio honetan, bi euskal talde izango dira: batetik, Merina Gris, proposamen gipuzkoar garaikide eta bikaina; eta bestetik, Shinova, penintsulan goraldian diren indie taldeetako bat.

Benin, Mali eta Kongokoak jatorriz, Les Amazones D'Afrique taldeko abeslari ikusgarriak, berritasuna ekarri diotenak Afrikako popari, uztailaren 26an arituko dira. Egun berean, El Columpio Asesino taldeak, beren ibilbideari azkena ematen dien biraren barruan, agur esango die Zurriolako hondartzara hurbilduko zaizkien jarraitzaileei. Agur hunkigarria izango da egun horretakoa, publikoak haiekin elkar hartuta dena emango duen kontzertu honetan.

Keler Guneko kontzertuei amaiera emateko, aurreneko egunean hasi genuen estilora itzuliko gara, bluesaren eta hegoaldeko rockaren erreferentziazko North Mississippi Allstars taldearekin, ibilbide luzea, osatua eta askotarikoa egina duenarekin. Agertoki honi azken agurra egiteko Chill Mafia iruindar taldea izango dugu edizio honetan.

Agertoki honi gure babesle nagusi KELERek ipini dio izena: KELER GUNEA. Eta, aurreko edizioetan bezala, hondartzan kokatuko da, Zurriola hondartzan, morruari itsatsita.