Ikerketaren aldeko apustua
Hitza hartu zuelarik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak erakundeak ikerketa eta zientziaren alde egiten ari diren apustua izan zuen hizpide, hain zuzen ere. “Erakundeen erantzukizuna da behar dituzten baliabideak profesionalen esku ipintzea. Eta orain DIPC-ri iritsi zaio unea. Erabaki honek erakusten du zein irmoa den Eusko Jaurlaritzak zientziaren eta bikaintasuneko ikerketaren alde egiten duen apustua. Ikertzen duen herria, aurrera egiten duen herria da. Inbertsio handia izango da, baina beharrezkoa. Euskadik nazioartean erreferente izaten jarrai dezan nahi dugu, proiektu zientifiko garrantzitsuenei aurre egiteko bazkide fidagarria”, adierazi zuen sailburuak.
Eneko Goia Donostiako alkateak gogorarazi zuen DIPC Donostiako Udalak lagatako eraikinetan eta lurretan ari dela lanean, eta horietan gauzatuko dela oraingo handitzea ere; alkateak baieztatu zuenez, Udalak “ekin dio lanari” DIPC handitzeko proiektuaren tramitazio urbanistikoa bizkortzeko, eta “beharrezko diren pauso guztiak emango ditugu instalazio berriak errealitate bihur daitezen albait lasterren”.
Goiak azaldu zuen Donostia “zientzia eta ezagutzaren hiria” dela, hirian arlo horretan ari den profesional kopuru altua eta garatzen ari diren ekimenen zenbatekoa aintzat hartuta. Gogora ekarri zuen lau unibertsitate campus daudela hirian, zientzia eta teknologiaren euskal sareko erreferentziazko zenbait zentro ere bai, eta bost mila pertsona inguru ari direla Donostian I+G arloko jardueretan lanean. “DIPC puntarengo zentroa da, gure bikaintasun-ikurra nazioarteko ikerketa zientifikoari dagokionez. Horregatik, erakundeen bultzada eman nahi diogu bere jarduerari, eta erabat babesten dugu handitzeko proiektua. Horrek guztiak indartzea eta etorkizuneko apustua egitea esan nahi du”, adierazi zuen. “Donostia erreferentziazko hiria da nazioartean ikerketaren esparruan, eta hori DIPCren pareko ikerketa zentroei zor diegu, zientzia eta teknologiako hirien sarearen munduko mapan jartzen baikaituzte”, gaineratu zuen.