Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuak urriaren 7an iragarri zuen Donostia International Physics Center (DIPC) bikaintasuneko ikerketa-zentroa handitzeko eraikin berria altxatuko dela Donostian. Agerraldia ikerketa-zentroaren egoitzan bertan izan zen, eta, sailburuarekin batera, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Pedro Miguel Etxenike DIPC Fundazioko presidenteak ere parte hartu zuten ekitaldian.
Eraikuntza-proiektua Hezkuntza Sailak finantzatuko du, eta Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean garatuko da. Aurrez Udalak lagatako lursailean egingo dira lanak, egun aparkalekua dagoen tokian, DIPCren eraikin multzoa dagoen esparruan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestetik, azpiegitura zientifikoen plan bat bultzatuko du, eraikin berria ekipamenduz hornitzeko. Eraikin berriak ez ditu ordezkatuko BERC bikaintasuneko ikerketa-zentroak gaur egun dituenak; dagoeneko erabiltzen dituen eraikinei beste bat gehituko zaie DIPC dagoen gune berean, haren jarduera zabaldu eta osatzeko.
DIPCren Zuzendaritzak jarri du abian, dagoeneko, eraikin berriaren eraikuntza-proiektua idazteko lana eta zuzendaritza fakultatiboa kontratatzeko lizitazioa.