Uniozio
dFeria, hiru hamarkada gure artean (II)
Historia
- Lehen fasea (1988 - 1991): Feria lehen lau urteetan, hain zuzen 1988 eta 1991 artean, neguan egin zen; urtarrila amaiera eta otsaila hasiera artean. Hasierako urte haietan egindako lanaren eta bigarren etapa batean egindakoaren artean desberdintasunak badiren arren, hasierako Feriaren espirituari eutsi zitzaion ondoren. Alde batetik, hastapenetatik merkatu berriak irekitzeko eta Euskal Herrian, Estatuan eta nazioartean egindako ikuskizun profesionalak sustatzeko lan egin da. Bestetik, hiriak eta hiritarrek feria bertatik bertara ezagutzea eta Donostia antzerki munduan murgiltzea du helburu.
- Bigarren fasea (1998 – 2006): Arazo ekonomikoek eragindako sei urteko etenaldiaren ostean, hainbat erakunderen laguntzari esker berreskuratu zen, hala nola, Espainiako Kultura Ministerioa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udaleko Kultur Udal Patronatua. Horrela, 1998an bosgarren Antzerki Feria antolatu zen. Garai hartan, Lugaritz eta Gazteszena dFERIAko agertoki bihurtu ziren, eta horrek ordura arte ezagutu ez zen aniztasuna ahalbidetu zuen formatuetan.
- Hirugarren fasea (2007- 2010): 2007an Victoria Eugenia eraberritu ondoren, antzerki emanaldi asko hor egiten hasi ziren berriz. Gainera, handiagotu egin zen dantzaren presentzia eta antzerki eta dantza feria bilakatu zen. Kaleko Arteak sartu ziren, berriz, feriaren programazioan. Arrakasta izan bazuten ere, krisialdi ekonomikoa iritsi zen 2008an, eta aurrekontu arazoak zirela-eta, aretoko proposamenetan jarri zen indarra.
- Laugarren fasea (2011- 2018): Feria bere jatorrietara itzuli eta udatik negura pasatu zen, eta aretoko ikuskizunak protagonista bihurtu ziren. Emanaldi kopurua hazi egin zen, baita akreditatu eta ikusle kopuruak ere. Jarduera paraleloek ere leku garrantzitsua hartu zuten, arte eszenikoetako profesionalen arteko topaketara zuzenduak. Aldi berean, euskararen presentziari bultzada eman zitzaion, inoiz ez bezalako euskarazko emanaldi kopuruak eskainiz.
- 25. urteurrena (2019): 2019. urtean dFERIAk 25 urte bete zituen. Kaleko antzerkia berreskuratu zen, feriaren aurreko asteburuan programazio zabala eta arrakastatsua eskainiz. Prezio politika eraldatu zen eta hiriko gune eszeniko nagusietan (Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean) abonamenduak eskaini ziren, ondorioz, Donostiako publikoaren fidelizazioa lortuz. Sektore profesionaleko erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanari esker, profesionalek ferian duten eremua tinkotu zen, hainbat egitasmorekin: topaketak, negozio foroak, koprodukzio proiektuak, tailerrak eta ikastaroak...
- COVID-19 fasea (2020-2021): 2020. urtean COVID-19 koronabirusak eragindako pandemiak gure bizimodua aldatu zuen, eta zuzenean eragin zion arte eszenikoen sektoreari. 2020ko dFERIA martxoaren 12an amaitu zen, konfinamenduaren atarian. Edizio arraroa samarra izan zen, normaltasunez burutu bazen ere (konpainia bakar batek, Fabio Liberti italiarrak, utzi zuen bertan behera funtzioa), giroan kezka nabaria zen. Feriara etorri ziren pertsona askok etxera itzulera aurreratzea erabaki zuten; mugak eta antzokiak ixten hasiak baitziren. 2021eko dFERIA oso berezia izan zen; “normaltasun berria” delakoaren etiketarekin egin zen lehen feria izan baitzen. Horregatik guztiagatik, dFERIAk osasun arloko agintariek ezarritako neurri guztiak bete zituen, jendearen eta artisten segurtasuna bermatzeko babes eta higiene neurri zorrotzak hartuz.
- Gaur egungo etapa (2022-gaur egun): 2022ko dFERIA normaltasun osoz igaro zen eta pandemia aurreko ikusle zein profesional kopuruetara itzuli zen. Feriaren historiaren etapa berri bati ekin zitzaion eta aurten 30 urte beteko ditu.
Informazio gehiago:
www.dferia.eus