Egiturak egokitzea
Gaur egun, unibertsitatea egiturak eta prozedurak egokitzeko eta eguneratzeko prozesuan buru-belarri sartuta dago. Deusto irabazi-asmorik gabeko erakunde askea da eta, posizio horretatik, gizartea eraldatzeko konpromisoa pertsonen garapen integralari egiten dion ekarpenean oinarritzen da, bereziki behartsuenei eta gazteei begira. Horregatik, etengabe eskaintza eta jarduera akademikoa malgutzen dihardu. Horren adibide da azken urteotan egin duen ikasketa-eskaintza, hain zuzen ere gizarte-premia handiena dagoen eremuetan.
Gainera, Lanbideren azken txostenaren arabera, Deustoko ikasleen okupazio-tasa ehuneko lau puntu igo da berriro azken urtean, % 88ra arte, eta erabateko enplegua lortu da titulazio jakin batzuetan. Ikasketei lotutako enplegua ere (zuzendaritzako karguetan edo unibertsitateko teknikarietan) lau puntu igo da, % 86ra. Izan ere, Unibertsitatearen ikaskuntza ereduak enplegagarritasun-maila handiagoa, ekintzailetzaren balorazio hobea, gizarte kultuagoa eta berdinzaleagoa eta jasangarritasunarekiko sentsibilitate berezia ekarri ditu. Gizarteak aitortzen du gure zerbitzua. Hala bermatzen dute urtero ikasle gehiago izateak eta rankingetako emaitzek, unibertsitaterik onenen artean kokatzen baikaituzte.
Ikerketa eta Garapen Jasangarrirako Helburuak
Unibertsitateak jauzi handia egin du ikerketan ere. Azken 10 urteetan indexatutako argitalpenen kopurua laukoiztu egin du, eta ikerketa pixkanaka Europako programekin eta jarraibideekin eta Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin lerrokatu du. Estrategia bateratu horri uko egin gabe, datozen urteetako helburua da eragin eraldatzaile handiena lor dezaketen gaietan fokalizatzea. Horretarako, unibertsitate gisa konpromisorik handiena duten Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) aztertu ditu Deustuk. Eta GJH horiek, Jesusen Lagundiaren Hobespen Apostoliko Unibertsalekin batera, lanerako bidea markatuko dute.
Era berean, Etxeberria errektorea oso pozik dago Euskal Unibertsitate Sisteman parte hartzeagatik; izan ere, lankidetza-esparru garrantzitsua da, Euskadirentzat dugun benetako eragin positiboa sendotzen duena. Deustu lerrokatuta dago, era berean, Planak Osasun Zientzien eta Hezkuntza Zientzien arloei ematen dien garrantziarekin. Sinergiak batu eta sortze horretan, Unibertsitateak abantaila ateratzen dio jesuiten 200 unibertsitatek osatzen duen nazioarteko sare zabal baten parte izateak dakarren indarrari ere. "Deusto gure inguruan errotuta dagoen euskal unibertsitatea da, baina munduari irekia", adierazi zuen.